Gazteen artean indarkeria matxista prebenitzeko bideo joko bat egin du Emakundek

"Gazteak Berdintasunean 2.0" bideo jokoaren irudia
EMAKUNDE
Actualizado: martes, 13 junio 2017 13:05

GASTEIZ, 13 (EUROPA PRESS)

Emakunde Emakumearen Euskal Erakundeak "Gazteak Berdintasunean 2.0" izeneko bideo jokoa egin du, Gizonduz ekimenaren barruan, nerabeen eta gazteen kontzientziazioa eta inplikazioa sustatzeko, bereziki gizonezkoena, emakumeen eta gizonen berdintasunaren alde eta emakumeen aurkako indarkeriaren kontra inplika daitezen.

Hain zuzen ere, Gizonduz ekimenak gizon guztiei zuzenduta dituen helburuak jasotzen ditu bideo jokoak, kasu honetan, 14-18 urteko gazte eta nerabeentzako egokituta. Bereziki mutilei dago zuzendua (gizonen jarrerak aldatzea baitu helburu nagusietakoa), baina neskek ere parte hartzeko moduan dago diseinatua, Izaskun Landaida Emakundeko zuzendariak bideo jokoaren aurkezpenean azaldu duenez.

Bideo jokoa gazteengana heltzeko "tresna egokitzat" jo du Emakundek, sare sozialek, teknologia berriek eta ikus-entzunezko munduak gazteekiko duten eragina ikusita. Bideo joko honen bidez, mutilak sentsibilizatu nahi dira berdintasunaren inguruan eta arazoak indarkeria erabili gabe konpontzearen inguruan, eta euren egunerokoan indarkeria, jazarpen eta kontrol egoerak eta jarrerak ikusarazten lagundu nahi die, maskulinitate modu berriak proposatuz.

Gazteek zuzenean erabiltzeko tresna izateaz gain (Emakunderen eta Gizonduz ekimenaren webguneetan dago sarbidea), aldi berean, irakaslentzako eta gazteekin esku hartu eta prestakuntza ematen duten pertsonentzako hezkuntza tresna berritzailea da, unitate didaktiko espezifikoekin.

"Gazteak Berdintasunean 2.0" bideo jokoan gazte baten egun bat erakusten da: goizean institutura sartu, arratsaldean-gauean lagunekin batu aisialdirako leku batean, eta azkenean, etxera itzuli. Abentura hastean, protagonistari egoera edo gertaera batzuk planteatuko zaizkio (egoera sexistak, homofoboak, indarkeriazkoak eta antzekoak), eta horien aurrean erabaki bat hartu beharko du, zenbait aukeraren artean. Hartzen dituen erabakien arabera, "gaitasunak" gehitu edo murriztuko zaizkio.

Egoeren bitartez, honelako gaiak jorratuko dira: indarkeria maskulinoak,
emakumeen aurkako indarkeria, bikote harremanak eta kontrola, mutilak eta arriskua, eta homofobia. Era honetan, modu kritikoan aztertzen dira sexismoaren alderdi negatiboak -esate baterako, indarkeria, kontrol harremanak edo gazteek arriskua balioestea-, baina beti gizon izateko beste modu egoki batzuk proposatuz eta balioetsiz.

Proiektuak teknologia berrietan oinarritutako hezkuntza tresna berritzaileak baliatzen ditu eta, bideo jokoaz gain, informazio web edo erakustoki bat du, non bideo jokoaren testuingurua eta unitate eta fitxa didaktikoak jasotzen diren hezkuntza tresna gisa erabili ahal izateko.

PROBA PILOTUAK

Landaidaka azaldu duenez, proiektua modu pilotuan testatu zen 2016an horretarako prest agertu ziren sei ikastetxetan. 549 ikaslek eta 81 irakaslek hartu zuten parte eta batzuk zein besteek "oso ondo" baloratu zuten bideo jokoa tresna pedagogiko gisa.

Aurten beste zentro batzuetan landuko da proiektua, eta bideo jokoa zein materialak tutoritzapean lantzeko interesa duten ikastetxeek zein hezkuntza ez formaleko zentroak Emakunderekin harremanetan jar daitezke.

Nesplora enpresa izan da proiektua teknologikoki garatu duena, eta Gema Climent ikertzaileak zuzendu du proiektua, aurten Europako Batzordeko Emakume Berritzailearen Sarian finalista izan dena.