Gazteen Euskal Behatokiak hiru ikastaro eskainiko ditu maiatzean eta irailean

Actualizado: viernes, 22 abril 2011 15:19

BILBO, 22 Abr. (EUROPA PRESS) -

Eusko Jaurlaritzako Gazteria Zuzendaritzak, Gazteen Euskal Behatokiaren bitartez, etengabeko hiru ikastaro eskainiko ditu maiatzean eta irailean, 2011ko prestakuntza-planean sarturiko jardueren baitan, eta gazteen arloan lan egiten duten pertsonen prestakuntza eta profesionalizazioa sustatze aldera.

Horrela, maiatzaren 10ean, 11n eta 12an "Cyberbullying: prebentziorako jarraibideak eta arazoak konpontzeko moduak" ikastaroa emango da. Bertan, gaiari buruzko azkeneko ikerketak, esku hartzeko estrategiarik egokienak eta gure inguruan berriki abiarazi diren baliabideak emango dira ezagutzera.

Hurrengo ikastaroa "Maitasuna, bikotea eta tratu txarrak: gazteengan ere bai?" izango da, eta Bilbon egingo da maiatzaren 30ean eta 31n eta ekainaren 1ean. Ikastaroaren xedea da genero-indarkeriaren kausetan sakontzea eta bikote gazteengan ager daitezkeen egoerak eta portaerak azaltzea, bai eta prebentziorako baliabideak eskaintzea ere.

2011ko etengabeko prestakuntza irailean amaituko da, hain zuzen ere, hilaren 20an, 21ean eta 22an emango den "Gazte ekintzaileak: ekiteko irakaskuntzan lanean, hainbat testuingurutan" ikastaroarekin. Gazteenengan berrikuntza eta sormena sustatzean eta ekimen-gaitasunak garatzean datza prestakuntza-saioa.

Etengabeko prestakuntzaren osagarri, oinarrizko prestakuntzako eta prestakuntza espezializatuko programak eskainiko dira 2011ko azken hiruhilekoan. "Gazte-politika publikoei buruzko oinarrizko prestakuntza" gazteekin esku hartzeko proiektuen plangintza, programazioa eta aplikazioa gauzatzeko funtsezko kontzeptu eta tresnekin lan egiteko parada izango da. Era berean, gaikuntza eskaini nahi zaie administrazioaren maila guztietako eta gazteekin lanean dabiltzan entitateetako profesionalei.

Azkenik, "Bakeari eta Giza Eskubideei buruzko prestakuntza-programa" eskainiko da. Programak bakearen eta Giza Eskubideen funtsak aztertuko ditu. Era berean, bitartekaritza eta gatazkak landu eta erregulatzeko tresnak jorratuko ditu. Bi programok Bilbon egingo dira, Gazteen Euskal Behatokiaren egoitzan.