Gaztelugatxeko kostaldea garbitzeko auzolanean aritu diren 53 boluntarioek 700 kilo inguru hondakin batu dituzte

Auzolanean aritutako jendea eta pilatutako hondakinak
BERMEOKO UDALA
Actualizado: lunes, 16 julio 2018 13:42

BILBO, 16 (EUROPA PRESS)

Bermeoko Udalak eta Lurgaia Fundazioak Eusko Jaurlaritzaren laguntzarekin joan den larunbatean Gaztelugatxeko kostaldea garbitzeko antolatu zuten auzolana "arrakastatsua" izan da. Antolatzaileek adierazi dutenez, 53 pertsonek parte hartu zuten ekimenean, gizon zein emakume, eta 700 kilo inguru hondakin batzea lortu zuten. Bermeoko Herri Babesak emandako laguntza ere ezinbestekoa izan zen ekimena egin ahal izateko.

Horrela, Irune Ormaetxea Bermeoko Udaleko Ingurumen zinegotziak gogoratu duenez, jardunaldiaren helburua bikoitza zen: alde batetik, Gaztelugatxeko babestutako eremuaren itsasertzeko hondakinak garbitu nahi ziren, ingurumen balioa eta paisaiaren edertasuna zaintzen eta mantentzen laguntzeko, eta, bestetik, gizartea sentsibilizatu nahi zen, hondakinak eta batez ere plastikoek itsasoan sortzen duten ingurumen arazo larriaz.

Talde guztia San Juan azpiraino jaitsi zen itsasbehera aprobetxatuta. Bertan, Akatz eta Gaztelugatxe bitarteko badia guztian garbiketa lanetan aritu ziren, eta hondakin kopuru handia batu zuten.

Ormaetxeak azaldu duenez, batutako hondakinen parte handi bat itsasoko jardueraren ondorioz sortua izan da (arrain kaxak, sare zatiak, sokak, buiak), baina beste era bateko hondakinak ere batu dira, gehienbat plastikozko ur botilak. "Horrela, plastikoak itsasoan sortzen duen arazoei buruz hitz egin genuen", gaineratu du.

Lekuaren zailtasuna kontuan izanda, boluntarioek egindako lan "baliotsua" goraipatu du zinegotziak. Horrela, antolatzaileek parte hartu duten pertsona guztien lana eskertu dute, "izugarria" izan delako. Ildo berean, Bermeoko Herri Babeseko kideei ere eskerrak eman dizkie itsas hondakinak lehorrera ateratzeko eta boluntarioen segurtasuna bermatzeko eskainitako laguntzagatik.