Gerdau enpresan mobilizazioak deitzeko "garaia" dela esan du ELAk

Actualizado: lunes, 16 noviembre 2015 13:29

BILBO, 16 (EUROPA PRESS)

   ELA sindikatuak adierazi du "garaia" dela Gerdau enpresari "mobilizazioekin erantzuteko" eta "aski esateko", eta ez dagoela prest "besoak gurutzaturik geratzeko, zuzendaritzak hurrengo nor kaleratuko duen zain eta enpresaren salmentaren aurrean".

   Horrela, sindikatuak prentsa ohar bidez jakinarazi duenez, langileen bilerak deitzeko "ordua" da, alegia, "langileei hitza emateko eta elkarturik duintasunez lanpostuak defendatzeko". ELAren ustez, Gerdau enpresako langileak "egoera zail baten aurrean" daude, "zeinetan, ia egunero, zuzendaritzak lankideak kaleratzen dituen".

   Halaber, CC.OO., UGT eta USO sindikatuek deituriko elkarretaretzeek "euren ardura desbideratzea" dutela helburu deitoratu du. "Sindikatu hauek lan baldintzak okertu dituzte, asanbladak deitzearen aukerari uko egiten diote, langilegoa desmobilizatzea dute helburu, funtsean enpresa zuzendaritzaren morroiak dira", salatu du.

   Horregatik guztiagatik, ELAk uste du "aski esateko garaia" dela. "Zuzendaritzak hurrengo nor kaleratuko duen zain egoteko prest ez gaude, ez dugu nahi besoak gurutzaturik geratu enpresaren salmentaren aurrean. ELAk asanblada deitzeko ordua dela uste du, langilegoari hitza emateko eta elkarturik duintasunez gure lanpostuak defendatzeko", esan du.