Gernikako Arbolaren kimu bat landatu dute EHUko Leioako campusean

Goirizela eta Madariaga kimua landatzen
Foto: BIZKAIKO BATZAR NAGUSIA/EHU
Actualizado: lunes, 3 febrero 2014 14:21

BILBO, 3 (EUROPA PRESS)

   Euskal Herriko Unibertsitateko (EHU) Bizkaiko campuseko Leioa-Erandio guneak Gernikako Arbolaren kimu bat izango du sarreran aurrerantzean. Horrela, bata bestearen ondoan egongo dira "euskaldunen ikurrik unibertsalena den Gernikako Haritza", eta Eduardo Chillidak EHUrentzat diseinatu zuen ikurra, "mundura zabaltzen den fruitu emankorra irudikatzen dauen beste zuhaitz bat", hain zuzen.

   Kimua landatzeko ekitaldia astelehen honetan izan da, goizez, Iñaki Goirizelaia EHUko errektorea eta Ana Madariaga Bizkaiko Batzar Nagusietako presidenteak buru zirela.

   Ekitaldian gogorarazi dute Gernikako Arbola eta bere sinbologia zabalduz joan dela gure artean eta dagoeneko hedaturik dagoela mundu osoan ere, esaterako Venezuelan, Kolonbian, Argentinan, Mexikon edo New Yorken. Joan den astean beste kimu bat landatu zute Derioko Seminarioa zegoen tokian, Adiskidetasun Basoa deituko denaren lehen sustraiak jarriz.

   Gernikako Batzar Etxean dagoen haritzaren ezkur batetik sortutako kimua da EHUn landatu den "quercus robur". Zuhaitz gaztearen ondoan plaka bat jarriko da, eta bertan, honako hitz hauek agertuko dira euskaraz, gazteleraz eta ingelesez: "Bizitzaren Arbola, Euskal Herriko Unibertsitatearen ikurra, Eduardo Chillida eskultoreak sortu zuen, Iparragirreren olerki batean oinarri hartuta. Ikurrak, mundura zabaltzen den fruitu emankorra irudikatzen du. Gernikako haritzaren altsuma hau, euskal askatasunen sinboloa ere badena, 2014ko otsailaren 3an landatu zuen Iñaki Goirizelaia UPV/EHUko errektore jaunak, campus honetarako sarrera buru izaki, nazioartearekiko bokazioaren lekuko".