Getxo (Bizkaia) saritu dute norako turistiko gisa duen kalitateagatik

SICTED jaso duten Getxoko enpresak eta Turismo Bulegoa
Foto: Getxoko Udala
Actualizado: miércoles, 25 enero 2012 12:43

BILBO, 25 (EUROPA PRESS)

   SICTED Norakoen Kalitate Turistikoaren aldeko Sistema ezartzeko hartutako konpromisoagatik Espainian saritutako 29 norako turistikoetako bat da Getxo (Bizkaia). Egiaztatze-diploma emateko ekitaldia Madrilen egin zen, Fitur Nazioarteko Turismo Azokaren harira.

   Ekitaldiaren buru FEMP Espainiako Udalerrien eta Probintzien Federazioko eta Turespañako ordezkariak izan ziren, eta bertan, SICTEDen konpromisoa udalerrian ezartzeko Getxoko Turismo Bulegoak eta 23 enpresak hasieran egindako ahalegina aitortu nahi izan zuten.

   Euskadin Basquetour Turismoaren Euskal Agentziak sustatzen eta koordinatzen du programa, Euskalit Bikaintasunerako Euskal Fundazioarekin elkarlanean. Itziar Epalza Getxoko Udaleko Turismo, Merkataritza eta Enplegu zinegotziak poza adierazi du orain arte programan egindako aurrerapenengatik, eta enpresa turistiko berriak gehitzea espero du.

   SICTED Norakoen Kalitate Turistikoaren aldeko Sistemaren helburua bisitariaren esperientzia eta gogobetetasuna hobetzea da, hala nola helmuga bakoitzean lan egiten duten enpresa txikiak eta ertainak sustatzea, hau da, alde batetik, sektore turistikoari bere lehiakortasuna hobetzeko tresnak ematea eta, bestetik, enpresa turistikoen artean helmuga turistiko baten parte izateaz kontzientziatzea, tokian bisitariak egindako kontsumoaren katearen parte diren aldetik.

   2011n Estatuan 29 norako berri egin dira SICTEDen kide eta, horien artean, euskal udalerrien edo erakundeen presentzia "oso nabarmena" izan da, Getxorekin batera, Gasteiz, Bermeo, Gernika, Goierri edo Arabako Errioxa ere sartu baitira.

   Kalitatezko programa horri, Estatuan 132 turismo-norako gehitu zaizkio eta 4.235 enpresa sarituak izan dira. Estatuan Euskadi da saritutako enpresa gehien duen autonomia erkidegoetako bat (504), Andaluziaren (544) eta Kataluniaren (505) ondotik.

   Getxon, 2011n, Turismo Bulegoak eta 23 enpresak jaso dute bereizgarri hori: zazpi jantokik, bost taxistek, bost ostatuk, hiru taberna eta kafetegik, baliabide turistikoak eskaintzen dituzten bi enpresek eta turismo aktiboa eskaintzen duen beste batek.

   Enpresa horiek guztiek trebakuntza plana osatu dute, euren establezimenduetan azpisektoretako bakoitzarentzat betebeharrak jasotzen dituzten kudeaketarako eskuliburuak ezarri dituzte eta eskatutako ebaluazioa gainditu dute. Aste honetatik aurrera, Turismo Bulegoak eta aipaturiko 23 enpresek programaren plaka bereizgarria erakutsiko dute euren instalazioetako kanpoaldean, begi-bistan.