Getxo Kirolak erakundeak 1.700 plaza baino gehiago eskainiko ditu udako ikastaroetan

Actualizado: jueves, 7 abril 2011 15:36

BILBO, 7 Abr. (EUROPA PRESS) -

Getxo Kirolak erakundeak 1.700 plaza baino gehiago eskainiko ditu uztailean eta abuztuan bere abonatuentzat antolatuko dituen ikastaroetan. Programazioan sartuta daude xendazaletasun eta abenturako ikastaroak, tenisa, padela, haurrentzako kirol-jarduerak eta igeriketa. Denboraldi honetan, lehenengoz, Kirolet@n izeneko ikastaroa egingo da abuztuan, nerabeek kirola egitea sustatzeko asmoz. Ikastaro honek barne hartuko ditu, besteak beste, batuka, surf, tirolina eta skate eskolak.

Aurreko urteetan bezala, izena emateko ordena zozketa baten bidez erabakiko da. Hori dela eta, maiatzaren 13a arte familia bakoitzak zenbaki bat jaso ahal izango du Fadurako eta Gobelako bulegoetan, maiatzaren 17an goizeko 10:00etan Faduran jendaurrean egingo den zozketarako.

Zerrendak Getxo Kirolak erakundearen web-orrian (http://getxokirolak.getxo.net) eta Fadurako eta Gobelako kiroldegietako iragarki-tauletan jarriko dira maiatzaren 17an bertan, eguerdiko 12:00etan. Zerrenda horietan argitaratuko da baita zenbaki bakoitzari izena emateko esleitu zaizkion eguna eta ordua ere. Izen-emateak Faduran hasiko dira maiatzaren 24an. Izena emateko epe ofiziala amaitu ondoren, Faduran eta Gobelan jendeari arreta emateko bulegoek libre geratu diren plazei, aldaketei, itxaron-zerrendei eta abarri buruzko kontsultei erantzungo diete.

Azkenik, gogoan izan behar da tenis, padel eta igeriketako hastapenak baino maila altuagoetan beharrezkoa izango dela izena ematen den egunean maila hori egiaztatzea. Horretarako, proba bat egin behar da, aldez aurretik, kirol arloko teknikariekin.