Getxoko (Bizkaia) jolasleku estalirik handiena duen plaza zabalduko da bihar Algortako erdigunean

Actualizado: martes, 17 mayo 2011 14:18

BILBO, 17 May. (EUROPA PRESS) -

Getxoko (Bizkaia) jolasleku estalirik handiena duen Algortako Geltoki plaza bihar zabalduko da herritarrentzat, zaharberritzeko lanak amaitu eta gero. Plazako eta bere inguruko (Torrene eta Juan Bautista Zabala kaleak) lanak 2010eko erdialdean hasi ziren, eta guztira 4.400 metro koadro inguruko azalera da egokitu dena, 1.362.300 euro inbertitu ondoren.

Getxoko Udalak egindako lanen bitartez, plazaren eta bere inguruaren zoladura aldatu eta berria ipini da, argiztapena hobetu da, alde horretan argi-puntu gehiago ipiniz, eta lurpeko edukiontziak ere ipini dira J.B. Zabalan eta Torrenen. Horri esker errazago ibili ahal izango dira Algorta auzoko gune publiko, erdialdeko eta jendetsu honetatik oinezkoek eta erabiltzaileek. Plazako berdeguneak eta zuhaitzak mantendu egin dira eta, gainera, hiri-altzari berriak ipini dira.

Kultura jarduera franko hartzen dituen eta herritarrek asko erabiltzen duten lekua denez, gurasoek eta beren seme-alabek bereziki, umeentzako jolaslekua zabaldu egin da. Esparru horrek 800 metro koadroko azalera dauka eta argia pasatzen uzten duten koloretako bost markesinek estaltzen dute jolaslekua urteko sasoi guztietan erabili eta familia guztiak bere ingurunean egon ahal izateko, eguraldiak laguntzen ez badu ere.

Jolasteko adin guztientzako hamar elementu ditu parkeak, eta horietako batzuk, gainera, bereziki ume ezinduek erabiltzeko dira, esate baterako, askotako jolasgunea, zabu bat eta ohikoa baino kulunka zabalagoak. Aipatutakoez gain, eta nobedade legez, lehen jolas elektronikoa -soka jolasa- ipini da bertan, umeen artean talde-jolasa sustatze aldera.