Getxoko Julio Caro Baroja Institutua, Laudio Ikastola eta Donostiako Axular Lizeoa, Kultura Ondarea Sarien irabazleak

Actualizado: jueves, 18 junio 2015 14:29

BILBO, 18 (EUROPA PRESS)

   Getxoko Julio Caro Baroja Institutuak (Bizkai), Laudio Ikastolak (Araba) eta Donostiako Axular Lizeoak (Gipuzkoa) aurkeztutako bideoak izan dira Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kultura Sailak antolaturiko Kultura Ondarea Sarien aurtengo irabazleak. Hiru talde irabazleek zazpi eguneko bidaia egingo dute Irlandara, herrialde hartako historia eta ondarea ezagutzeko. Bilboko Unamuno Institutuan egingo da sari banaketa ekitaldia ostiralean, ekainaren 19an, eta bertan aurkeztuko du bakoitzak bere lana.

   Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kultura Sailak jakinarazio duenez, Batxilergoko nahiz Lanbide Heziketako Erdi Mailako Prestakuntza Zikloetako lehen mailan dauden ikaslez osatutako 67 taldek aurkeztu dituzte euren bideoak Kultura Ondarea Sariaren lehen ediziora.

   Horrrela, Batzorde Ebaluatzaileak hiru bideo hautatu ditu irabazle izateko: Getxoko Julio Caro Baroja Institutuaren "Surfing our traditional basque boat rebuilding", aukeratutako gaia Getxo eta itsasoaren arteko harreman historikoa eta ontzi tradizionalak berreraikitzea izanik; Laudio Ikastolako "Orozkoko garrafak", Orozkoko San Antolin jaietako garrafe buruzkoa; eta Donostiako Sxular Lizeoaren "Euskara", aukeratutako gaia hizkuntza herri baten ondare izanik.

   Joxean Muñoz Kultura, Gazteria eta Kirol sailburuordeak irabazleei sariak eman eta diplomak banatzeko ekitaldian parte hartuko du ostiral honetan, Bilboko Unamuno Institutuan, 12:30ean MoodleMoot Euskadi 2015 jardunaldiaren barruan antolatu den ekitaldian. Bertan, irabazleek euren bideoak aurkeztuko dituzte, aukeraturiko gaiaren zergatia azalduko dute, eta bideoa egiteko prozesua kontatuko dute.

SARIA

   Hiru talde irabazleetako neska-mutilak ekainaren 23an joango dira Irlandarantz, bertako kultura ondarea ezagutzera, eta bide batez, ingelesa praktikatzera. Gainera, "luxuzko gidaria" izango dute: Paddy Woodworth idazle, kazetari eta gida turistiko irlandarra.

   Bidaiak iraungo dituen zazpi egunetan, besteak beste, Dublin eta Irlandaren historia Phoenix Park eta Stoneybatter auzoak bisitatuz (biak ere hiriburuan kokatuak); Glendalough eta Glenmalure haranak, Erdi Aroko monasterioak eta XVIII. mendeko iraultzen oihartzunak ezagutzeko; Wicklow-ko itsasertza eta bertan berreskuratu diren antzinako basoak; Galway, kultura tradizionalaren nahiz garaikidearen hiria; edo Aran Islands, gaelikoa hitz egiten den eremua eta kultura tradizionalaren azken gotorlekutzat hartzen dena.

   "Euskal Kultura Ondarearen gaineko begirada gaztea" izan nahi du Kultura Ondarea Sariak. Ikasturte honetan zehar, 3-10 minutu bitarteko bideoak egin behar izan dituzte parte hartzaileek taldetan antolatuta, eta kultura ondarearekin loturiko gairen baten inguruko euren ikuspuntua azaldu; kultura ondarea, materiala nahiz ez materiala, zentzurik zabalenean ulertuta.

   Ikasleek, eurek aukeraturiko gai baten inguruko kontaketa egiteko aukera izan dute, ikus-entzunezko teknikak erabiliz, talde lanean, eta euren ikuspuntu berritzailea eskainiz.

   Ekimenak dituen helburuen artean kultura ondarearekiko sentsibilizazioa piztea dago, gizarteko arlo guztietan, baina bereziki hezkuntzan eta gazteen artean.

   Kultura Ondarea Sariaren lehen edizio honetako epaimahaiak aurkeztu den lan kopuru handia (67 lan, 26 ikastetxetatik), ikastetxeek izan duten parte hartze maila eta inplikazioa, eta batik bat, bideoak egiteko prozesuan zehar irakasleek izan duten funtsezko zeregina nabarmendu ditu.