Getxoko Udalak bost milioi eurotik gora inbertitu ditu saneamendu sarea hobetzeko lanetan

Actualizado: miércoles, 19 enero 2011 15:02

BILBO, 19 Ene. (EUROPA PRESS) -

Getxoko Udalak (Bizkaia) euri-putzuen eta ibaiak gainezka egitearen arazoa konpondu du udalerrian arriskurik handien duten auzoetan, saneamendu sarean egindako lanak amaitu eta gero. Lan horietan bost milioi eurotik gorako inbertsioa egin du Udal getxotarrak. Imnaol Landa alkateak eta Joseba Arregi Hirigintza zinegotziak hala adierazi dute prentsaurrekoan.

Lan horiek gobernu taldeak Udal Saneamendu Sarea Hobetzeko eta Berriztatzeko Bultzatutako Ezohizko Planaren harira egin dira, uholde arrisku handiena duten Getxoko aldeetako estolderia sarea hobetzeko helburuarekin.

Egitasmoak, alkateak nabarmendu duenez, legealdiaren hasieratik udalerriko auzokide guztien bizi baldintzak hobetze aldera bultzatzen ari den eraldatze prozesuaren parte da, auzokideekin konpromisoa hartu baitzuen 2008an Getxon izandako uholdeetan jatorri izan zuen arazoa konpontzeko, batez ere udalerriko beheko auzoetan, Gobela ibai ondoko arroetan.

"Udalak etxeko lanak egin ditu bere jarduera-eremuari dagokionez, eskuduntzak dituen eremuan, URA Gobela ibaian egiten ari denarekin eta Bizkaiko Uren Partzuergoa udal sarearekin lotzeko egiten ari den lanekin batera, sarearen gaitasuna hobetu eta Getxon dugun uholde arazoari behin betiko irtenbidea emateko", aipatu du Landak.

Plan honen barruko lanek, Getxon azken hamarkadetan saneamenduaren esparruan egin den tamaina handienetako proiektua izanik, udalerriko toki estrategikoenetan 30 bat jarduera jaso dituzte, lan eta diagonostiko ikerketen artean, herriko hainbat tokitan, hala nola Romon, Negurin, Makaletan, Maidaganen, Sarrikobason, Aldapan, Ollarretxen eta Ereagan.

Hain zuzen ere, jarduera horiek, gehienak jadanik amaituta daudenak, ahal den azkartasun handienarekin eta premia osoz egin dira, azken bi urteetan izan diren uholdeen gertaerengatik. Hirigintza zinegotziak azaldu duenez, arazo estrukturalak ere konpondu dira, berbarako, Maidagan Goikoak eta Ereaga eta Romoko arroetakoak, arazoa konpontzeko lanak eginez.

Azkenik, Arregik gogoratu du sarea hobetzeko geratzen diren lan bakarrak ur-putzuak gutxien sortzen diren lekuetan daudela egiteke edo Gobela ibaia bideratzeko eta zabaltzeko laneekin lotuta dauden guneetan, esate baterako, Las Uves aldean, Fadurako biribilgunea eta Salsidu artean, "hor ikerketa egina dugun arren ez baititugu lanak hasiko garajeak kaltetutako etxeetakoek egin behar dituzten lanak egin arte eta Aldundiak gaur egun foru errepidea denaren bide-tarte hori guri ematen ez digun arte".

Getxoko Udalak informazio-liburuxka bat banatuko du herriko bizilagunen artean udal Sanemanedu Sarea Hobetzeko eta Berriztatzeko Ezohizko Planaren inguruko jarduera guztien berri emateko.