GGKEen Koordinakundeak dio Jaurlaritzaren aurrekontuek "kolpe latza" emango dietela pobreziaren aurkako politikei

Actualizado: martes, 5 marzo 2013 14:43

BILBO, 5 Mar. (EUROPA PRESS) -

Euskadiko Garapenerako Gobernuz Kanpoko Erakundeen (GGKE) Koordinakundeak kritikatu du Eusko Jaurlaritzaren 2013rako aurrekontuen zirriborroan "murrizketa handiak" iragartzen direla garapenerako lankidetzan, eta murrizketa horiek gauzatuko balira, "kolpe latza" hartuko luketela pobrezia eta desberdintasunaren aurkako politikek.

Koordinakundearen esanetan, "murrizketa horiek beren ondorioak izango dituzte pertsonengan, eta zuzeneko eragina hezkuntzan, osasunean, gizon-emakumeen arteko ekitatea bultzatzeko ahaleginetan, eremu publikoetan parte-hartzean, edateko ura lortzeko gaitasunean eta saneamendu sistemetan, gosearen aurkako borrokan eta hauen jatorrian".

Halaber, Euskadiko herritarrak sentsibilizatzeko eta "mundu justuago bat lortzeko gure inguruan abiatzen diren ekimenak" kaltetuta geratuko liratekeela iritzi dio. "Krisi garaian, pertsonak izan behar dira politika guztien erabateko lehentasuna, beste edozein interesen gainetik", nabarmen du.

Gainera, GGKEn Koordinakundeak salatu du murrizketa horiek onartzen badira, 2007ko Lankidetzako Euskal Legea urratuko dela; Lege horren arabera, Eusko Jaurlaritzak 2012an bere aurrekontu osoaren %0,7 bideratu behar zuen lankidetzara. "Zirriborroaren bidetik joz gero, 2013an Eusko Jaurlaritzak bere aurrekontuaren %0,35 bideratuko luke lankidetzara, 2002tik lehen aldiz %0,4tik jaitsiz", ohartarazi du.

Hori guztia dela eta, 2013rako aurrekontuen hasierako proposamena "zuzentzeko" eskatu dio Jaurlaritzari, eta aurrekontuetan jaso eta aplika ditzala "garapenerako lankidetza esparruan hartuta eta indarrean dauden konpromiso politiko eta sozialak".

Halaber, Eusko Legebiltzarrean ordezkatuta dauden alderdi politiko guztiei eskatzen die exijitu dezatela "nazioarteko lankidetzarekiko konpromiso historikoa mantentzea, honelako krisialdietan sekula

baino gehiago erakutsi behar dugulako zeintzuk diren gizarte bezala garabiltzaten benetako baloreak".