Gipuzkoa barnealdeko turismoa sustatzeko iragarki onenak sarituko ditu Euspot lehiaketak, euskarazko sormena bultzatuz

Actualizado: viernes, 11 marzo 2016 13:44

DONOSTIA, 11 (EUROPA PRESS)

   Euspot lehiaketak Gipuzkoa barnealdeko turismoa sustatzeko iragarki onenak sarituko ditu aurtengo edizioan, beti ere euskarazko sormena bultzatuz. Aurten, Gipuzkoako Foru Aldundiaren babesa dauka lehiaketak eta, babes horri esker, bosgarren edizioak "Gipuzkoa osora hedatzeko jauzia berme handiagoz egin nahi du", aurkezpenean azaldu dutenez.

   Foru Aldundian aurkeztu dute Euspot lehiaketa ostiral honetan. Bertan izan dira, besteak beste, Goio Arana Mondragon Unibertsitateko Humanitate eta Hezkuntza Zientzien Fakultateko ordezkaria, Unai Elkoro Aretxabaletako alkatea, Gorka Etxabe Arteman Komunikazioko ordezkaria eta Mikel Iritzar Gipuzkoako Foru Aldundiko Hizkuntza Berdintasuneko zuzendaria.

   2015eko lehiaketa arrakastatsua izan zen. Guztira 35 lan aurkeztu ziren, Euskal Herri osoko autoreek eginak, eta aurkeztutako lanen artean, 16-18 urte bitarteko nerabe eta gazteek eginiko 13 lan jaso zituen epaimahaiak. Aurtengo edizioaren helburua da, iragarki lehiaketa finkatzea eta "euskararen panoraman erreferentziazkoa bilakatzea", eta bide hori indartzeko Gipuzkoako Foru Aldundiak bat egin du Aretxabaletako Udalarekin, Mondragon Unibertsitatearekin eta Arteman Komunikazioa enpresarekin.

   "Asmoa da gazteen sormena bultzatzea, ilusioak piztuz. Lehiaketa irekia da, edozeinek har dezake parte; bertakoek, bailarakoek zein Euskal Herri osokoek, eta hala nahi izanez gero baldintzak betetzen dituen gure mugez haratagoko edozeinek", azaldu dute.

   Gipuzkoako Foru Aldundiak Euspoten aldeko apustua egin nahi duela aurten adierazi du Irizarrek, euskara bizitzako alor guztietara hedatzeko eta arlo horretan egiten ari diren lana goraipatzeko. "Publizitatearen esparruan garrantzi handikoa da euskaraz sortzea, askotan ideia batek oso ondo funtzionatzen du hizkuntza batean eta oso gaizki bestean. Horregatik, euskarazko sorkuntza sustatzea lehentasunezkoa da guretzat, gehiegitan ikusi baitugu euskarazko publizitatea bigarren mailan", azaldu du.

   Antolatzaile batzordeak nabarmendu du aurten ere gazteenek aukera izango dutela lehiaketan parte hartzeko, eta horretarako harremanak sustatu dira zenbait ikastola eta eskolarekin.

   2016ko edizioko berrikuntzei dagokienez, antolatzaileek aurkezpen ekitaldi ezberdinak planifikatu dituzte Debagoieneko eskola, ikastola eta fakultateetan eta Gipuzkoa osoko zenbait eskola eta ikastoletan eta ikus-entzunezko arloko zentro espezializatuetan. Hain justu ere, CENTArekin zein Andoaingo ikus-entzunezkoen eskolarekin harremanetan dihardute.

GAIA

   Lehiaketaren aurtengo gaia "turismoa erakarri Gipuzkoa barnealdera" izango da. Gipuzkoa barnealdeko bailarek sekulako aukera turistikoak eskaintzen dituzte, kostaldekoek beste, eta, horren haritik, iragarkiak nabarmendu beharko ditu barnealdeak turismorako eskaintzen dituen aukerak, paisaia multzoak eta kultura egitasmoak.

   Turismoaren arloan, Gipuzkoan lurralde oreka sustatzea da zeharkako helburua. Iragarkiaren publiko objetiboa Euskal Herriko gainerako lurraldeetako biztanleak izango dira, alegia, Euskal Herriko barne kontsumora bideratutako iragarkia izan beharko da. Spotak fokoa jarri beharko du barneko turismoak eskaini ditzakeen esperientziatan. Ardatz izan daitezke pertsonak, ohiturak (jaiak, folklorea), paisaia multzoak (bailara bat herri bat, txoko bat) eta abar.

   Lanak apirilaren 28a baino lehen aurkeztu beharko dira www.euspot.eus webgunean eta sari banaketa ekitaldia maiatzaren 12an egingo da Aretxabaletako Arkupe Kultur Etxeko Zaraia aretoan. Iaz Kike Amonarrizek hitzaldia eskaini zuen sari banaketa ekitaldian eta aurten ere ez da sorpresarik faltako.

   Guztira, Euspot Lehiaketak aurten ere 2.250,00 euro banatuko ditu sarietan: spotik onena, 1.000 euro; Mondragon Unibertsitateko ikasleen spotik onena, 500 euro; Publikoaren saria, 500 euro; eta Gazteen saria (14-18 urte), 250 euro.