Gipuzkoako Aldundiak 1,6 milioi euro inbertituko ditu ETEek 4.0 industria garatu dezaten

Olano BECen
GIPUZKOAKO ALDUNDIA
Actualizado: jueves, 8 junio 2017 17:39

BILBO, 8 (EUROPA PRESS)

Markel Olano Gipuzkoako diputatu nagusiak iragarri du foru erakundeak 1,6 milioi euro bideratuko dituela lurraldeko enpresa txiki eta ertainek (ETE) 4.0 industria garatu dezaten. Olanok inbertsio horren berri eman du ostegun honetan, Barakaldoko BEC erakustazokara egindako bisitan, Xabier Ortueta AFMko zuzendari nagusiak gonbidatuta, egun hauetan bertan egiten ari diren hiru azoka direla eta: Ferroforma, ADDIT3D eta Subcontratación.

Esku erreminta, burdineria industria, fabrikazio aditiboa eta 3D inpresioa, mekanizazio tailerrak eta transformazio metalmekanikoa sektoreetako enpresak parte hartzen ari dira aipaturiko azoketan. Guztira, 47 enpresa ari dira parte hartzen, horietako 22 gipuzkoarrak.

Bisitan, Gipuzkoako industriaren aldeko Aldundiaren "konpromisoa" berretsi du Olanok, lurraldearen "ekonomomiaren motore" izan dadin. Horren harira, nabarmendu du sektorearen garapen industriala eta digitalizazioa "funtsezkoak" direla "enpresak eta lurraldea lehiakorrak izan daitezen".

Azpimarratu du 1,6 milioi euroko inbertsioaren helburua dela "bultzada" ematea Gipuzkoako ETEek arlo hori garatzeari ekin diezaioten. Aldundiaren inbertsioa horrela xehatuko da: 900.000 euro 4.0 industria garatzeko; 600.000 euro enpresen eraldaketarako, Gipuzkoa Sarean proiektuaren baitan, Garapen Agentziaren bidez; azkenik, 100.000 euro Gipuzkoa 4.0 sarea eratzeko.