Gipuzkoako Aldundiak 40 plazako enplegu eskaintza publikoa iragarri du

Imanol Lasa bozeramailea
GIPUZKOAKO FORU ALDUNDIA
Actualizado: martes, 5 enero 2016 13:38

DONOSTIA, 5 (EUROPA PRESS)

   Gipuzkoako Foru Aldundiak 25 suhiltzaile plaza eta iruzur fiskalari aurre egiteko 15 teknikari plaza betetzeko enplegu eskaintza publikoa deituko du. Foru gobernua erakundea eraldatu eta modernizatu asmoz egiten ari den apustuaren baitan kokatu ditu neurri hauek Imanol Lasa Aldundiko bozeramaileak. Eraldatze lan horretako zutabeetako bat enplegu publikoa da, zerbitzu "moderno, eraginkor eta gipuzkoarren beharretara doituagoa eman ahal izateko".

   Lasak gogorarazi du foru gobernuaren konpromisoa dela "enplegu publikoa finkatzeko estatuko markoak dauzkan zirrikiturik estuenez ere baliatzea". Horrela, herritarrei eskainiko zaizkien 40 plazatik zortzi, 2015eko estatuko aurrekontuetan xedatutako erreposizio tasa gehienekoak dira; suhiltzaileenak izango dira eta joan den 29ko Diputatuen Kontseiluan onartu ziren.

   2016ko aurrekontuetan malgutu egin da erreposizio tasa hori, gehieneko 32 plaza, eta Gipuzkoako Aldundia horretaz baliatuko da haietako 17 suhiltzaileenak eta 15 iruzur fiskalaren kontrakoak izateko, foru bozeramaileak esan duenaren arabera. Aurki onartuko ditu Diputatuen Kontseiluak. Gainera, joan den abenduaren 29ko Diputatuen Kontseiluan suhiltzaileen beste 13 kabo plaza hornitzea onartu zen, barne promozioz kasu horretan.

   Neurri honekin behar larri bati erantzuten zaio, baliabide propioekin behin betirako bete ezin zitezkeen postu huts egiturazkoak hornituko baitira. "Suhiltzaile Zerbitzu berriaren egonkortasuna eta funtzionamendua lagunduko ditu, eta hori estrategikoa da guretzat", azpimarratu du Lasak.

   Gainera, epe laburrean plaza berriak sortzeko formulak aurkitzea ez duela baztertzen esan du, eta modu ofizialean baieztatu du hiru ofizial berrien izendapena, horietatik Arkaitz Orbegozo izango delarik Zerbitzuburu berria.

IRUZUR FISKALA

   Bestalde, iruzur fiskalari aurre egiteko 15 plazako eskaintza publikoak Ogasun eta Finantza Sailari baliabide gehiago jarriko dizkio eskura bere lehentasunetako baterako, politika publikoak abian jartzeko beharrezko diren baliabideak gutxitzen dituzten "guztion kontra doazen portaeren kontra borroka egitea", alegia.

   Lasak "lorpen garrantzitsutzat" jo du lan eskaintza publiko hau aurrera ateratzea, azkeneko aipagarria 2006koa izan baitzen. Joan den legealdian, berriz, enplegu eskaintza "anekdotikoa" izan zen, bost plaza baino ez baitziren atera. Oraingoan, aldiz, "zortzi hilabetetan 40 eskaintzea lortu dugu, hainbat lan poltsa berritzeaz gain, eta administrazio publikoa sendotzeko eta egonkortzeko bide horretan jarraitzea da gure asmoa".

   Iruzur fiskalari aurre egiteko helburu estrategikoaren barruan, joan den abenduaren 29ko Diputatuen Kontseiluak Zerga Foru Arau Orokorra aldatzeko Foru Arau Proposamen onartu zuen, Ogasunaren zordun direnen edo zenbait zirkunstantzia biltzen dituzten zerga zigordunen zerrendak aldizka argitaratzeko. Proposamena Batzar Nagusietatik igaroko da orain, eztabaidatua eta baldin badagokio onartua izan dadin.

   Aldaketa horren harira, 2016ko bigarren seihilekoan, Foru Ogasunarekin milioi bat eurotik gorako zorra dutenen zerrenda emango da argitara. Zergapeko horien izen abizenak, IFZ, izen edo helbide sozial osoa argitaratuko dira eta ordaintzeko zor eta zigorren multzo osoa agertuko dira zerrendetan. Erabakia Araba eta Bizkaiko ogasunekin koordinatuta hartu da.

   Ekimen honen bidez gizarte gaitzespen handia duten jokabideak argitara eman nahi dira eta zerga betebeharren borondatezko betetzearen pedagogia egin nahi da. "Gardentasunaz ari garenean, iruzurra egiten duten pertsona eta erakundeak zeintzuk diren jakitera emateaz ere ari gara, kasu balitz, une jakin batean, eurekin lanik ez egiteko neurriak hartzeko", argitu du Lasak.