Gipuzkoako Aldundiak elkartasuna adierazi die Askapenako auzipetuei

Askapenako kideak Foru Jauregian
Foto: GIPUZKOAKO FORU ALDUNDIA
Actualizado: miércoles, 8 abril 2015 11:34

DONOSTIA, 8 (EUROPA PRESS)

   Gipuzkoako diputatu nagusi Martin Garitanok eta Nazioarteko Lankidetzako foru zuzendari Arantzazu Santosek harrera egin diete asteazken honetan Walter Wendelin, Aritz Ganboa, David Soto, Unai Vazquez eta Gabi Basañez Askapena erakundeko kideei, foru erakundearen elkartasuna adierazi eta epaiketa politikoen amaiera exijitzeko.

   Espainiako Gobernuak Askapena eta beste elkarte batzuk (Askapeña, Herriak Aske eta Elkar Truke) legez kanpo utzi eta kide hauek sei urtez espetxeratzeko eskaria egin du.

   "Diputaziotik Espainiako Estatuko aparailu zapaltzailearen enegarren erasoa salatu nahi dugu. Euskal Herriak ez du ulertzen, ezta onartuko ere, errepresio, ilegalizazio eta herritarren espetxeratzean oinarritzen den dinamikan preso jarraitzea. Berriz ere, elkartasuna gehien zabaltzen dutenen kontra egin dute: herrien duintasunaren alde borroka egiten dutenen aurka", salatu du Garitanok.

   Gainera, Gipuzkoako diputatu nagusiak azpimarratu du erabaki honekin Espainiako Gobernuak Askapenaren internazionalismoa "kriminalizatu" nahi duela, helburu argiekin, alegia, "ezker iraultzailearen balioak zigortzea eta, beraz, Euskal Herriarentzat eta Euskal Herritik eginiko internazionalismoa zigortzea".

   Askapenak ia 30 urteko ibilbidea egin du internazionalismoa elikatzen eta elkartasun zubiak eraikitzen herrien artean, brigaden bitartez, esku hartze inperialistak salatuz edo beste herriekiko elkartasun ekimen eta kanpainak garatuz eta, bide horretan, Aldundia ondoan izango dutela azaldu du Garitanok. "Mundu justu, solidario eta askea eraikitzeko helburuan bide lagun izango gaituzue", esan du.