Gipuzkoako Aldundiak hiru milioi euro bideratuko ditu garapenaren lankidetzako nazioarteko proiektuak finantzatzera

Boliviako emakume indigenak
Foto: GIPUZKOAKO FORU ALDUNDIA
Actualizado: jueves, 6 marzo 2014 14:30

DONOSTIA, 6 (EUROPA PRESS)

   Gipuzkoako Foru Aldundiak garapenaren lankidetzako proiektuetarako diru laguntzen deialdi bat zabaldu du, eta guztira, 3.098.600 euro banatuko ditu. Horrela, Gizarte Politikako foru Sailak gobernuz kanpoko erakundeei (GKE) eta beste gizarte eragile batzuei behar adinako finantzaketa eskaini nahi die, herritarrek beste herri batzuekiko elkartasuna adierazteko ekintzak bultzatzeko helburuarekin.

   Arantzazu Santos Garapenerako Nazioarteko Lankidetzako zuzendariak azaldu duenez, "krisia larria izanagatik, foru gobernua ahalegin berezi bat egiten ari da lankidetzako funtsak handitzen joateko, EAEko beste herri administrazio batzuek ez bezala, horiek murrizketa handiak ezarri baitituzte. Horrela, Gipuzkoako Aldundiak pobreziaren aurka duen konpromisoa erakusten du, dela gure lurraldean, dela Hegoaldeko herri pobretuetan".

   Santosek gogorarazi duenez, aurkezten diren proiektuek "laguntza hutsa saihestu behar dute, eta azken helburu pobrezia eragiten duten egiturak eraldatzea izan behar dute". Horretarako, bere iritziz, "estrategikoa da politikoki konpromisoa duten subjektuei, gizarte aldaketaren alde daudenei eta kapitalismoarekiko alternatibak eskaintzen dituztenei laguntzea".

   Gainera, zehaztu du aurtengo deialdian arau aldaketa batzuk sartu direla, "gizarte mugimenduak, antolakuntza ez profesionalizatuak edo gizarte zibilaren beste eragile batzuk lankidetzara iritsi daitezen, dela gizarte lanean duten esperientziarengatik, dela gizartea eraldatzen egiten duten lanarengatik".

   Beraz, ostiral honetan hasi eta 30 egunean zehar, eskaerak aurkez daitezke diru laguntzaren deialdi honetan. Hiru dira finantzazio ildoak: 2.169.020,00 euro hegoaldeko herri pobretuetako proiektuak laguntzeko; 750.000 euro gizarte eraldaketara zuzendutako hezkuntza proiektuak laguntzeko; eta 179.580,00 euro ekimen puntualak laguntzeko.