Gipuzkoako Aldundiak ia 80 milioi euro bideratuko ditu adinekoen egoitza eta eguneko zentroak ordaintzeko

Actualizado: martes, 10 febrero 2015 14:10
av2" class="NormalTextoNoticia" itemprop="articleBody">

DONOSTIA, 10 (EUROPA PRESS)

   Gipuzkoako Foru Aldundiak indartu egin ditu adineko pertsonei eta mendekotasuna dutenei gizarte zerbitzuen sare publikoan eskaintzen zaizkien zerbitzuak, eta ia 80 milioi euro bideratuko ditu aurten zerbitzu hauek ordaintzera. Diputatuen Kontseiluak gastua onartu du astearte honetan, herritar hauei arreta eskaintzeko herrialdean dauden 50etik gora egoitza eta eguneko zentroetan. Iaz baino 215.000 euro gehiago bideratuko dira aurten, 15 plaza ireki berri direlako Irunen.

   Era berean, mendekotasuna duten pertsonei zuzendutako zerbitzuak zabaltzen jarraitzeko asmoa du Gipuzkoako Aldundiak, itxaron zerrenda murrizten jarraitzeko. Horregatik, foru erakundeak 55 plaza gehiago ireki nahi ditu aurten, baina horretarako ezinbestekoa da Batzar Nagusiek Kreditua Gehitzeko Foru Araua onartzea.

   Diputatuen Kontseiluak gaur onartutako 78.786.211 euroko aurrekontu saila mendekotasuna duten pertsonekin lanean ari diren hainbat entitate eta enpresarekin izenpetutako lankidetza akordioak ordaintzera bideratuko da, egoitza eta eguneko zentroak kudeatzeko. Hauetako batzuk dira, adibidez, Gurutze Gorria, Biharko, Hurkoa edo Aita Menni. Aldundiak, guztira, 4.486 plaza eskaintzen ditu mendekotasuna duten pertsonentzat egoitzetan, eta beste 1.462 eguneko zentroetan.