Gipuzkoako Aldundiak sei lursail berri eman ditu nekazari gazteentzat Lezon

Sei lursail berri nekazari gazteentzat Lezon
GIPUZKOAKO FORU ALDUNDIA
Actualizado: lunes, 21 julio 2014 17:41

DONOSTIA, 21 Jul. (EUROPA PRESS) -

Gipuzkoako Foru Aldundiko Berrikuntza, Landa Garapen eta Turismoko Sailak Lezoko Urreleku baserrian kokatuta dauden sei lursail eman ditu nekazari gazteentzat, erabiltzen ez diren landa lurrak berriz ustiatzen hasteko politikaren barruan. Aldundiaren lursail hauek Nekazaritza Lurren Funtsaren parte dira. Bigarren aldia da foru erakundeak jabetza honetako lursailak ematen dituela; iazko irailean baserri bereko beste bost lursail eman zituen.

Aldundiak partzela berrietarako bidea egin du eta ur biltegi berri bat jarri du. Hartara, ustiatzen jarri diren 11 lursailak ureztatu ahal izango dira, hau da, guztira 13,5 hektarea. Bigarren fase honetan bainuak jarri dira eta baserriaren zati bat txukundu da, maizterrek biltegi gisa erabil dezaten.

Guztira 13 eskaera egon dira lursailak erabiltzeko. Hautagaiek betetzen zituzten baldintzak aztertu ondoren, bost esleipendun hautatu dira (batek bi lursail kudeatuko ditu, labore lursail bat eta abere lursail bat). Laborantza ustiatzeko lursailak ekologia kontuan hartuz kudeatuko dira. Maizter guztiek bost urtez ustiatu ahal izango dituzte sail horiek, eta neurriaren eta erabileraren arabera ezarri dira errentak.