Gipuzkoako Aldundiaren Euskara 4.0 estrategiak ikerketa eta berrikuntza lehenetsiko ditu

Gipuzkoako Aldundiak Euskara 4.0 estrategia aurkeztu du
ORAIN GIPUZKOA
Actualizado: jueves, 18 mayo 2017 13:20

DONOSTIA, 18 (EUROPA PRESS)

Gipuzkoako Foru Aldundiak Euskara 4.0 estrategia aurkeztu du ostegun honetan Orona Ideon egindako jardunaldian, Hernanin, euskalgintzako, erakundeetako eta, oro har, gizarteko 90 lagunen aurrean. Ikerketari eta berrikuntzari lehentasuna ematen ari zaio foru erakundeko Hizkuntza Berdintasuneko Zuzendaritza azken bi urteetan eta bide horretan sakonduko du egitasmo honen testuinguruan, beti ere gainontzeko zuzendaritzekin eta gizarte erakundeekin lankidetzan.

Mikel Irizar Hizkuntza Berdintasuneko zuzendariak gidatutako jardunaldian, Euskara 4.0 estrategiaren testuinguruan kokatzen diren hainbat egitasmo aurkeztu dira. Besteak beste, tokiko aktibazioa, euskara ez dakienari ulermena berariaz garatzeko sistemen ikerkuntza, euskal administrazioen kudeaketa eredu berritzaileak, euskara oinarri izango duen ikus-entzunezko sorkuntza faktoria eta "Jendaurrean Erabili" jarduera moduko egitasmoak aurkeztu dituzte.

Irizarren hitzetan, "estrategian eta antolakuntzan" eraldaketa premia "nabarmena" da euskararen biziberritze prozesuan. "Hasitako lankidetzarekin jarraituko dugu legealdi osoan, eta traktore bereziak jarriko ditugu, eraldaketa erraztu dezaten", gaineratu du.

"Gakoa da eragile euskaltzaleon pisua eta eragina handitzea gizartearen esparru guztietan: erabakiguneetara iristea eta hizkuntzaren aldagaia ardatzean kokatzea; deialdi eta kontratuetan lehiakorrak izatea; euskarazko erreferentzia indartsuak eraikitzea; harreman pertsonaletan hizkuntza hautuari eustea; norbanakoaren ahaleginari babes kolektiboa ematea; baldintza sortzea aurreko guztia egingarri izan dadin", proposatu du.

BIDEGURUTZEAN

Bestalde, euskararen biziberritze prozesua "bidegurutzean" dagoela eta "bertan etsita geratzeko arriskua" dugula ohartarazi du Markel Olano Gipuzkoa ahalun nagusiak. "Horregatik, egitasmo berri eta berritzaileek behar dute izan aurrera egiteko gakoa", adierazi du jardunaldiaren irekiera hitzaldian.

Bere ustez, euskararen erabilerak azken urteetan "izugarrizko lana eta aurrerakada" izan badu ere, "okerreko bidea hartzeko arriskua" ere badago. "Irlandan gertatutakoa gerta ez dadin: ofizialtasuna eta babes juridikoa, erabatekoa, baina herritarren atxikimendua, eskasa", gaineratu du.

Hori dela eta, diputadu nagusiak gogorarazi du "euskaltzale askok" konpartitzen duten diagnosi horretatik abiatuz, erakundeok eta gizarteak berak bidegurutzetik "aurrerabidea" bilatzeko unea dela. "Argi geneukan lankidetza behar genuela bi esparruon artean. Dagoeneko bi urte pasatu dira eta ibilbide bat egiten ari gara. Elkarrekin egin dugu hainbat urrats, bide berrien bila. Gaur bide horren argazki korala atera nahi izan dugu. Gipuzkoak apustu sendoa egiten du hizkuntza berdintasunean gizarte gisa sakontzeko. Esplorazioan gabiltza, oraindik ez dago dena argi, baina arrakastarako baditugu bi giltza: berrikuntza eta lankidetza", adierazi du.

Amaitzeko, diputatu nagusiak azpimarratu du determinazio eta helburu horiekin lanean jarraituko duela Gipuzkoako Aldundiak datozen hilabeteetan, elkarlanerako eta ekimen berritzaileak sustatzeko espiritu hori oinarri gisa hartuta.