Gipuzkoako Diputazioak 600.000 euro inbertituko ditu N-634 errepideko Altzolako zeharbidean segurtasuna hobetzeko

Actualizado: miércoles, 12 enero 2011 18:56

DONOSTIA, 12 Ene. (EUROPA PRESS) -

Gipuzkoako Foru Aldundiak 600.000 euro baino apur bat gehiago inbertituko du Altzola (Elgoibar) zeharkatzen duen N-634 errepidearen zatian trafikoa "lasaitu" eta bide-segurtasuna hobetzeko ahaleginean. Asmo horren eraikuntza-proiektua dagoeneko onartu da eta lanetarako lau hilabeteko epea aurreikusi da.

Girder Ingenieros enpresak idatzi duen proiektu honek definitzen du, N-634 errepidearen Altzolatik barrenako zatiaren diseinuan, zer jarduketa egin behar diren bai oinezkoen bai gidarien segurtasun maila handitzeko. Proiektuak N-634 errepidearen 0,5 kilometroko zati bat hartzen du, 53,480 kilometro puntutik 54,000 kilometro puntura bitartekoa. Egunean 10.300 ibilgailu pasatzen dira bertatik, hauetako %9 astunak.

Proiektuak, funtsean, hiru jarduera jasotzen ditu. Batetik, trafikoa "lasaitzeko" lan batzuk egingo dira. Horretarako, N-634 errepideak dituen bi zirkulazio lerroak estutu egingo dira, bakoitza 2,75 metrora ekarriz, horrela ibilgailuen abiadura mantsotzeko.

Bi lerroak bereizteko barne-erdibitzaile bat ere diseinatu da, goratua, oinezkoak babesteko, eta behar bezala seinalizatutako oinezkoen pasabide bat. Hartara, ibilgailuei eragotzi egingo zaie elkar aurreratzea, kontrako bidean sartzea eta itzulbidea hartzea. Lan horiez gain, errepidearen alboetako etxebizitzen arteko oinezkoen ibilbideak egokitu egingo dira, bazterbideak handituz eta espaloiak eginez joan-etorriko tartean, bi noranzkoetan dauden autobus geralekuen artean.

Donostialderako autobus geltokia egiteko hormigoi armatuzko horma eraiki beharko da, 40 metro luze eta bi metro altu, behar adinako tokia egiteko autobusaren maniobretarako, markesina jartzeko eta erabiltzaileentzat arrapala bat egiteko, oinezkoen pasabidearekin lotura izango duena eta trenaren geralekutik hirigunerainoko bidean egongo dena, mugimendu handiena eta errepidea gurutzatzeko toki gehienak dauden inguruan, alegia.

Lanon bigarren jarduera zubia egokitzea izango da. Zubian metalezko karela jarriko da bi noranzkoetan, zubiaren euste sistema horrelako egiturentzako baldintza onenetara egokituta.

Azkenik, bainuetxeko zumardiarekiko lotura hobetuko da. Puntu horretan bi itxaroteko lerro jarriko dira, zirkulazio lerroa kontrako noranzkoan zeharkatzen duten sarrera posible bakoitzarentzat bana. Hori egiteko elektrizitate lineari eusten dioten zutoinak eta bidegurutzeko argiak aldatu beharko dira. Argiak oinezkoen babesguneetako baten erdian jarriko dira, hiru argiri, behar duten orientazioarekin, argi paldo berri batek eusten diela.