Gipuzkoako Foru Aldundia "Bikain" hizkuntza-kudeaketaren kalitate ziurtagirira aurkeztuko da

Actualizado: miércoles, 30 marzo 2011 16:38

DONOSTIA, 30 Mar. (EUROPA PRESS) -

Gipuzkoako Foru Aldundiak "Bikain" euskararen kalitate ziurtagiriaren ebaluazio prozesura aurkeztea erabaki du, Eusko Jaurlaritzak 2011. urtearen barruan horretarako egingo duen deialdian, Diputatuen Kontseiluak hala erabakita.

Foru erakundeak "ahalegin sendo bat egiten du, era askotako ekimenen bitartez, bere eskumeneko lan esparruetan euskararen erabilera ziurtatzen eta euskara izan dadin bere jarduera guztietako zerbitzu eta lan hizkuntza normala".

Euskara Biziberritzeko Plan Nagusia onartua izan zenetik, eta lehenagotik ere, Gipuzkoako Foru Aldundiak programa sektorial ugari landu eta gauzatu izan ditu, betiere euskararen erabilera sozialari lotutako alderdi guztietan indartze eta sustatze lan bat egiteko asmoz.

Foru erakundeko iturriek adierazi dutenez, politika sektorial horrekin batera, baina, zehar-lerroko ikuspegi berritzaile bat txertatzeko ahalegin bat egin da azken urteotan, hau da, Aldundiko sail guztie jarduerarako baliozkoak diren neurri eta irizpide orokor batzuk definitu dira, euskara zerbitzu hizkuntza gisa nahiz lan hizkuntza gisa erabilia izan dadin, eta hizkuntza ofizialen kudeaketa politika publiko guztien osagai bat izan dadin.

Zehar-lerroko politikaren barruan, lidergoak hizkuntza jokabideetan duen eragina aztertu da Gipuzkoako Foru Aldundiaren barruan, eta horrela, "Eralan2" ekimena, programaren barruko lan berritzaile eta aitzindaria izan da.

14 EUSKARA PROGRAMA

2010eko plana garatzeko, 14 euskara programa antolatu dira Gipuzkoako Foru Aldundiaren sail eta zerbitzuetan, eta programa horien gidari, 14 hizkuntza-batzorde izan dira lanean, guztira 72 langilerekin. Halaber, 2010eko planaren barruan, hizkuntza ofizialen erabilerari buruzko adierazleen barne ebaluazioa egin du foru erakundeak, eta ebaluazio tresnatan, "Bikain" ziurtagiriak baloratzen dituen irizpideak jaso ditu.

"Esan genezake Gipuzkoako Foru Aldundiak gaur egun behar diren tresnak dituela, bai arauen aldetik, bai antolamenduaren aldetik, bere eskumenen esparruan hizkuntza ofizialen erabileraren kudeaketa eraginkor bat aurrera eramateko", azaldu dute.

Guzti hori kontuan hartuta, "Bikain" euskararen kalitate ziurtagirira, erakunde batean euskararen presentzia, erabilera eta kudeaketa egiaztatzen azterketara aurkeztea erabaki du Diputatuen Kontseiluak.

Gipuzkoako Foru Aldundia egokiera eta maila desberdinetan aurkeztu izan da "Bikain" ziurtagirira. 2008ko lehen deialdian, Kirol Zuzendaritza Nagusiak maila ertaineko ziurtagiria lortu zuen; 2010ean, berriz, Haur eta Gazteen Zuzendaritza Nagusiak ere maila ertaineko ziurtagiria eskuratu zuen, eta Ogasun eta Finantza Saileko Erakundearteko Konpromisoen eta Udalei Laguntza Emateko Zerbitzuak, bere aldetik, maila goreneko ziurtagiria erdietsi zuen.

Une honetara iritsita, Gipuzkoako Foru Aldundiak hizkuntza ofizialen erabilera kudeatzeko duen politika, oro har, kanpoko ebaluazio prozesu baten arabera, "Bikain" ziurtagiriak eskaintzen duen moduan, aztertzeko aukera aintzat hartu beharrekoa da.

Bi ikuspegitatik izan daiteke, hain zuzen ere, aintzat hartzekoa: alde batetik, hizkuntza ofizialen erabilera kudeatzeko duen eredua kanpoko ebaluazio baten kontrastera jar dezake, eta, bestetik, Gipuzkoako Foru Aldundiak "Bikain" ziurtagiri bat eskuratzeak Gipuzkoako enpresen eta gizarte erakundeen gainean eragin biderkatzailea izan dezake.