Gipuzkoako Foru Aldundiak ia 3,5 milioi euro xedatu ditu Lurraldebuseko hainbat linea finantzatzeko

Actualizado: miércoles, 9 febrero 2011 14:43

DONOSTIA, 9 Feb. (EUROPA PRESS) -

Gipuzkoako Foru Aldundiak 3.465.664 euroko gastua onartu du Donostia-Bilbo ibilbidea, Debagoieneko lineak eta horien Gasteizko lotura eta Astigarraga, Hernani, Lasarte eta Usurbil arteko zuzeneko zerbitzua eskaintzen duten enpresa emakidadunentzat.

Laguntza horri esker, ematen ari diren zerbitzuaren igoerak eta hobekuntzak sortutako defizitari aurre egin ahal izango diote emakidadunek, eta txartel bakarraren sistemari eutsi ahal izango diote, hau da, autobus enpresek %40ko beherapena egiten jarraituko dute lehenengo bidaiatik hasita, bidaia Lurraldebuseko txartelarekin ordaintzen duen jendeari.

Eneko Goia Gipuzkoako Foru Aldundiko bozeramaileak gogorarazi duenez, laguntza horiek foru erakundeak garraio publikoa hobetu eta indartzearen alde egin duen "apustu irmoaren" ondorio dira, eta hiru helburu dituzte: herritarrei tarifa erakargarriak eskaintzeko hobariak egitea, autobusetako bidaiarien leialtasuna lortzearren; bidaiari berriak erakartzea, oraindik ohituraz ibilgailu pribatua erabiltzen dutenen artean; bideragarritasuna bermatzea Lurraldebusen sartuta dauden eta txartel bakarrarekin hasieratik lan egin duten enpresa emakidadunei.

Diru kopuru horretatik, 3.029.710 euro Transportes Pesa S.A. enpresari ordainduko zaizkio, berak eskaintzen baititu Donostia-Bilbo-Donostia lineako zerbitzuak eta Debagoieneko herriarteko zerbitzuak eta horien Gasteizko loturari dagozkionak, eta 2011ko urtarrilaren 1etik maiatzaren 31 bitarteko eguneko joan-etorriak finantzatzeko erabiliko da.

Gainerako 435.954 euroak, erdibana ordainduko zaizkie CTSS eta Hijos de Areizaga enpresei, 2010eko maiatzaren 1etik 2011ko apirilaren 30era arte Astigarraga, Hernani, Lasarte eta Usurbil arteko zuzeneko lineako zerbitzuak eskaintzeagatik.