Gipuzkoako gasolindegiek dituzte anomalia gehien manometro eta hornigailuetan, Jaurlaritzaren ikuskapenen arabera

Gasolindegiak ikuskatu ditu Jaurlaritzak
Europa Press
Actualizado: jueves, 6 octubre 2011 12:51

BILBO, 6 Oct. (EUROPA PRESS) -

Eusko Jaurlaritzako Industria, Berrikuntza, Merkataritza eta Turismo Sailak egindako azterketa baten arabera, Gipuzkoako gasolina-zerbitzuguneek dituzte anomalia gehien manometro eta hornigailuetan, Euskal Autonomia Erkidegoko (EAE) gainontzeko lurraldeekoekin alderatuta. Jaurlaritzak egindako ikuskapenetan, hornigailuetan detektaturiko 30 anomalietatik 25 eta manometroetan detektaturiko 22 anomalietatik 20 Gipuzkoan izan dira.

Euskadin 281 zerbitzugune eta bederatzi zerbitzu-unitate (hiru petrolio-produktu baino gutxiago banatzen dituzten gasolina-zerbitzugune txikiagoak) daude, eta horietatik %88k beren borondatez bete dute beren hornigailu eta manometroen egoera kontrolatzeko aldizkako egiaztapena egiteko betebeharra. Egiaztapen hori nahitaezko azterketa da, zerbitzugune eta unitateek urtero egin beharrekoa.

Zigiluen egoera, pegatinen egoera, tresna bakoitzarekin izan beharreko dokumentazioa eta ekipoen gehieneko akatsak egiaztatzen dira azterketa horren bidez. Aleatorioki, kanpaina bat jartzen du martxan Eusko Jaurlaritzak, bere ordezkaritzen bidez, eta zenbait gasolina-zerbitzugune ikuskatzen ditu legezko betebeharra betetzen dela eta azterketa horiek horretarako baimentzen dituen erakundeek egiten dituztela egiaztatzeko.

Eusko Jaurlaritzaren azken ikuskapena 2010. urtearen azken hilabeteetan eta 2011. urtearen hasieran egin zen. 30 gasolina-zerbitzugunek beren hornigailuetan anomaliaren bat zutela detektatu zen kanpaina horretan: 23k ez zuten egiaztapenik, lauk dokumentazio-akatsak zituzten, biri pegatina falta zitzaien eta batek ez zion alta eman hornigailuari.

Manometroei dagokienez, hau da, gurpilen presioa neurtzen duen tresnari dagokionez, 22 anomalia aurkitu zituzten ikuskaturiko 60 zerbitzuguneetan. Detektaturiko hutsetatik, 19 urteroko nahitaezko egiaztapena ez egin izanari buruzkoak ziren.

Industria, Berrikuntza, Merkataritza eta Turismo Sailak ondorioztatu duenez, Euskadiko zerbitzuguneak kudeatzen dituzten enpresek beren bezeroei zehazturiko bermeak eskaintzen dituzte. Horrela, "betetze-maila eta gorabeherarik eza dira joera orokorra EAEn".