Gipuzkoako hainbat banketxetan izandako lapurreten egilea atxilotu dute Donostian

Actualizado: viernes, 1 abril 2011 18:49

DONOSTIA, 1 Abr. (EUROPA PRESS) -

Ertzaintzaren agenteek azken egunetan zehar Donostialdean, Lasarten, Pasaian eta Andoainen izandako hainbat lapurreten egilea atxilotu dute Donostian gaur goizeko lehen orduan. Lapurretetan ostutako diru kopurua 10.000 euro ingurukoa da, Eusko Jaurlaritzako Herrizaingo Sailak jakinarazi duenez.

Gaur goizeko 6:30ak inguruan zerbitzuan ez zeuden Ertzaintzaren hainbat agentek Donostian ikusi dute azken egunetan Donostia eta hiriburutik hurbileko herrietan izandako lapurreten ustezko egilearen antza zuen gizon bat. Agenteek susmagarria identifikatu dute Kontxako Pasealekuan eta, bilatzen ari ziren pertsona zela egiaztatutakoan, atxilotu egin dute. Bere ibilgailua erregistratu ostean, gidariaren eserlekuaren azpian zegoen arma labur bat konfiskatu dute.

Atxilotuari, Donostian, Lasarten, Pasaian eta Andoainen egindako sei lapurreta leporatzen zaizkio, gutxienez. Azken lapurreta atzo goizean izan zen Andoainen; egileak, herri honetako banketxe batean sartu ostean, kutxazaina pistola batekin beldurtu zuen eta 600 euro lapurtu zituen. Leporatzen zaizkion lapurretetan ostutako diru kopurua 10.000 euro ingurukoa dela zenbatetsi da. Atxilotuak Gipuzkoan izandako beste lapurreta batzuetan duen parte-hartzea argitzeko ikerketarekin jarraitzen du Ertzaintzak.