Gipuzkoako II. Txikien Azoka egingo da asteburuan Ficoban

Publicado: miércoles, 29 marzo 2017 13:41

DONOSTIA, 29 Mar. (EUROPA PRESS) -

Haur txikiak dituzten familiek edo guraso izatear daudenek hitzordua dute asteburuan Irungo Ficoba erakustazokan, Gipuzkoako Txikien Azokaren bigarren edizioa egingo baita. Ficobak eta Sofeven enpresak elkarrekin antolatuta, azoka ostiraletik igandera izango da. Sofeven Nafarroako enpresa bat daeta jardunaldiak sustatzen, antolatzen eta koordinatzen eta zerbitzuak osotasunean kudeatzen espezializatuta dago.

Oraingoan, antolatzaileek adierazi dutenez, Gipuzkoako Txikien Azokan izango diren 30 bat erakusketariek "eskaintza zabala" aurkeztuko diete bisitariei, 0 eta 12 urte bitarteko umeei zuzendutako proposamenak eginez.

Horrela, besteak beste, hazkuntza naturaleko artikuluak egongo dira, argazkigintzakoak, oftalmologiakoak, adur zapia eta haur eta haurdunentzako osagarri naturalak, familia aseguruak, altzariak, arropa, kotxetxoak, familiei informazioa eta laguntza emateko proposamenak, eskola jazarpenaren aurkako borroka, eskola proposamenak, ingeles eta matematika eskola, medikuntza, zaintza kiropraktikoak eta aldizkariak izango dira.

Gipuzkoako Txikien Azokako erakusketa eskaintza jarduera paraleloen proposamenarekin osatuko da. Txikiek eta euren familiek tailerretan parte hartzeko aukera izango dute; adibidez, musikarako hastapena eta kanten, instrumentuen eta jokoen bidezko estimulazio goiztiarra garatzea, bai ingelesez bai gaztelaniaz.

Halaber, aukera izango dute instrumentu bat eraikitzeko; abakoarekin lehenengo kontaktua izateko, ingelesez, eta nork berea egiteko; burmuinaren garapen psikomotorra sustatzeko marrazkiaren bidez; umeei eta bularreko haurrei bihotz-birikak bizkortzen ikasteko tailer batean parte hartzeko, edota antzerki ikuskizun bat gozatzeko, umeei higienerako ohitura onak transmititzeko.

HITZALDIAK

Hitzaldiak dira azokaren beste erakargarrietako batzuk. Mintzaldiotan hainbat gai landuko dira, hala nola lanera itzultzean esnea ematea, ama esnea ateratzea, ama esnearen mitoak eta errealitateak, haurdunaldiko prebentzio zaintzak, erditzea eta erditu ondorengoa, bullying eta bere ondorioak, zergatik estimulazio goiztiarra edo kiropraktikarekin osasuna hobetzea.

Haur arropen desfile bat, ludoteka bat, puzgarriak, taberna-kafetegia eta foodtruck bat maskotarekin osatzen dute azokaren bigarren edizioaren programa. Era berean, gune bereziki egokituak gaituko dira, gurasoek eta umeek azoka erosotasunez bisita dezaten. Horrela, esnea emateko areto bat gaituko da, eta bertan, sofak, haur aulkiak, biberoiak berotzekoak, aldatzekoak eta haur higieneko artikuluak egongo dira.

Gsainera, Gipuzkoako II. Txikien Azokara doazenek aukera izango dute hainbat zozketatan parte hartzeko edo opariak zuzenean lortzeko. Horrela, ateak irekitzen diren bakoitzean sarrerak erosten dituzten lehenengo ehun bisitariei Nafarroako Lacturale markako litro bat esne oparituko zaie, guztira 500 litro banatu arte. Era berean, azokaren hiru egunetan, Nafarroako Lacturale granjarako bisitaldiak zozkatuko dira, baita haurrentzako shantala masajea eta beste hainbat artikulu eta opari ere.