Gipuzkoako ikasleen %74, Bizkaikoen %54 eta Arabakoen %42, D ereduan ari ziren 2012/2013 ikasturtean

Ikasleak zentro batean
Foto: Europa Press
Actualizado: martes, 4 marzo 2014 11:03

BILBO, 4 (EUROPA PRESS)

   Gipuzkoako ikasleen %74, Bizkaikoen %54 eta Arabakoen %42, ereduan ikasten ari ziren 2012/2013 ikasturtean, Eustatek landutako Euskal Autonomia Erkidegoko (EAE) Eskola Jarduerari buruzko Estatistikaren datuen arabera.

   Eskualdeka, Gipuzkoan, ikaslerik gehien Donostialdea zegoen 2012/2013 ikasturtean, eta %54 ari zen euskaraz ikasten, lurraldean batez bestekoa 20 puntu gehiago izanik. Zenbait eskualde %90en gainetik zeuden: Urola-Kosta (%96), Tolosaldea (%94) eta Debagoiena (%90).

   Bizkaian, 2012/2013 ikasturtean, Bilbo Handian zeuden Bizkaiko ikasleen %38, eta %45 ari zen D ereduan, lurraldeko batez bestekoa baino %9 gutxiago. Portzentajerik txikiena (%41) Arratia-Nerbioin zegoen, eta handienak, aldiz, Markina-Ondarroan (%97), Plentzia-Mungian (%96) eta Gernika-Bermeon (%88).

   Araban, Mendialdean (%79) eta Gorbeiako Inguruetan (%70) zen D eredua indartsuen, baina oso ikasle gutxi ziren. Gehienak Lautadan ari ziren, eta bertan heren bat ari zen euskeraz, lurraldeko batez bestekoaren sei puntu azpitik.

   Bestalde, 2012/2013 ikasturtean ikasketa ez unibertsitarioren batean 412.00 ikasle aritu ziren Euskal Autonomia Erkidegoan (EAE), aurrekoan baino %1,9 gehiago. Haietatik 379.000 (%92) araubide orokorreko ikasketetan aritu ziren, eta 6.100 matrikula berri egin ziren (%1,6 gehiago).

   Araubide Bereziko Ikasketetan 33.000 matrikulazio izan ziren, aurreko ikasturtean baino %4,6 gehiago. Araubide berezikoetan eginiko hamar matrikulatatik bederatzi Hizkuntza Eskola Ofizialetan egin ziren: 29.000 ikasle guztira. Ikasle kopuruan bigarren Musika izan zen, non 2.800 pertsona aritu baitziren. Hona hemen gainerako ikasketak, kopuruz beheraka: Kiroletakoak, Arte Plastikoak eta Diseinua, Goi mailako Arteak eta Dantza.

   Lan Prestakuntzako matrikulak %7 gehitu ziren azken ikasturtean. Guztira 32.000 ikasle ziren (2.000 gehiago), eta ikasle kopuruak gora egiten duen laugarren urtea izan zen jarraian, 2009/2010etik %25eko gehikuntza izanik.

   Haur Hezkuntzan ez zen hazkunderik izan, eta apala izan zen (%1,5) Lehen Mailan. DBHn 1.800 matrikula berri egin ziren (%2,5 gehiago), Batxilergoan 500 berri (%1,6 gehiago) eta Hizkuntzetan 1.300 matrikula berri (%4,6 gehiago).

ZENTRO PUBLIKO ETA PRIBATUAK

   Bestalde, zentro publikoan edo pribatuan aritzeko orduan, araubide orokorrekoetan ikasleen banaketa orekatua izan zen maila guztietan; salbuespenak, maila ertaineko Lan Hezkuntza (%62 publikoetan) eta Helduen Hezkuntza (HH, %98) izan ziren.

   Araubide Bereziko Irakaskuntzetan aniztasun handiagoa izan zen ikasi beharrekoen arabera. Prestakuntza programa hauetan zentro gutxiago dago, eta eskaintzak asko baldintzatzen du aukeraketa. Hizkuntza, Dantza eta Goi mailako diseinua zentro publikoetan ikasten ziren, bestelako eskaintzarik ez zegoen eta. Musikan, Kirol irakaskuntzan eta Arte Plastikoetan, publikoetan ari ziren %63, %62 eta %47, hurrenez hurren.

   Euskadiko zentro publikoen zenbatekoa estatukoekin erkatzean, ikusten da gehienetan EAEn gutxiago zirela 2012/2013 ikasturtean, lehen mailako Haur Hezkuntzan izan ezik, non EAE puntu bat gainetik zegoen. Gainerako mailetan alde handiak zeuden: Haur Hezkuntzako bigarren zikloan eta Lehen Mailan ehuneko 17 puntu, Batxilergoan 25 puntu, Lan Hezkuntzan 22 puntu eta DBHn 20 puntu.