Gipuzkoako Ogasunak 1.523 milioi euroko iruzurra azaleratu du legealdi honetan

Actualizado: lunes, 9 marzo 2015 17:37

DONOSTIA, 9 (EUROPA PRESS)

   Gipuzkoako Foru Ogasunak 1.523 milioi euroko iruzurra azaleratu du legealdi honetan, eta 2014. urtean atzeman zuen iruzur kopururik altuena: 414,6 milioi, hau da, aurreko urtean baino %5,3 gehiago. 2011 eta 2014 bitarteko ekitaldietan, oro har, zerga guztietan gertatu dira igoerak, baina nabarmenena Sozietate Zergan izan da.

   Xabier Olano Gipuzkoako Foru Aldundiko Ogasun zuzendariak Batzar Nagusietan eskaini ditu iruzurraren aurkako emaitzaren datuak, eta ikuskaritzarekin lortutako emaitzak 2014an "bikainak" izan direla azpimarratu du, ikuskaritzaren bidez azaleratutako zerga zorra %50,2 handiagoa izan baita. Gehienbat, enpresak sustatzeko sozietateen erregimen bereziari egindako ikuskapenei esker eta Ogasunean iruzurraren aurka abiarazitako unitate berriari esker lortu dira emaitzak.

   Olanok nabarmendu du Gipuzkoako Ogasunak "urrats esanguratsua" eman zuela iaz iruzurraren kontrako borrokan, lurraldean "inoiz azaleratutako zerga zor kopururik handiena" antzemanez: 414,6 milioi euro, 2013an azaleratutakoa baino %5,3 gehiago.

   Oro har, Sozietate Zergan antzemandako iruzur kopurua igo zen gehien 2014an. Gipuzkoako Ogasunak 170,1 milioi euro azaleratu zituen, 2013an baino 302,5 milioi gehiago (%21,8 gehiago). Errenta eta Aberastasunean 112,2 milioi euro azaleratu ziren iaz, 2013an baino %7,5 gehiago, eta BEZ zergan, berriz, zerga zorrak %4,3 egin zuen behera.

   Legealdian zerga iruzurraren aurka egindako lanaren balantzea ere egin du Olanok. Horrela, 2011 eta 2014 bitarteko ekitaldietan 1.523,7 milioi euroko zerga zorra azaleratu du Gipuzkoako Ogasunak; horrela, 2011n 312 milioi azaleratu baziren, 2014an 100 milioi baino gehiago azaleratzea lortu da.

   Oro har, zerga guztietan izan dira igoerak, baina nabarmenena Sozietateen Zergan gertatu da, legealdi hasieran baino 77,6 milioi gehiago azaleratu baitira (%83ko igoera).