Gipuzkoako Ogasunak 4.197,7 milioi euro bildu ditu 2016an, aurreko urtean baino %2,3 gehiago

Actualizado: lunes, 23 enero 2017 14:44

DONOSTIA, 23 (EUROPA PRESS)

Zerga bilketa metatua %2,3 hazi zen Gipuzkoan 2016. urtean, 4.197,7 milioi euro batuta, hau da, aurreko urtean baino 93,6 milioi euro gehiago. Modu honetan, aurrekontuaren betetze maila %96,9koa izan da, urte hasieran aurreikusitakoa baino 132,7 milioi euro gutxiago eta urriko Herri Dirubideen Euskal Kontseiluan baino 36,7 milioi euro txikiagoa.

Bilakaera positiboa izan da zuzeneko zergen esparruan eta aurreikuspenak bete ziren (%99,9); ez ordea, zeharkako zergetan (94,6%). Puntu honetan, BEZaren doikuntzetan (lurraldeen artean eta Estatuarekin egindakoetan) jazotakoa nabarmendu du Gipuzkoako Aldundiak, espero baino 122,1 milioi euro gutxiago bildu baitziren (urriko aurreikuspenak baino 24,4 milioi gutxiago). 2016aren behin betiko likidazioa, dena den, otsailean egingo den Herri Dirubideen Euskal Kontseiluaren bileran adostuko da.

Jabier Larrañaga Gipuzkoako Ogasun eta Finantza diputatuak datuen irakurketa egin du. "Gure esku dagoenean, hau da, Errentaren eta Sozietateen kanpainetan, oso ondo ibili gara. Zeharkako zergetan, ordea, beste erakundeekin egiten ditugun doikuntzetatik ez dugu aurreikusi bezain beste jaso, eta azkenean honek zerga bilketa orokorrari eragin dio", adierazi du.

Dena den, nabarmendu du beherakadak ez duela inongo eraginik izango foru erakundearen kudeaketan. Bere hitzetan, "baliabide murrizketaren zatirik handiena aurreikusi genuen jada urriko Herri Dirudibideen Euskal Kontseiluan. Orduan esan genuen bezala, urtero naturalki exekutatu gabe geratzen dira hainbat programa eta ez da beharrezkoa inongo doikuntzarik egitea".

Orokorrean, eragin positiboa izan zuten PFEZak sarreretan eta itzulketetan eta Sozietateen gaineko Zergaren enpresa irabaziak zergapetzen dituen kuota diferentzial garbiak, hau da, aipatu bezala, positiboak izan ziren bi kanpaina nagusiak, baina eragin negatiboa izan zuten ondare irabazien eta kapital higikorren etekinen atxikipenak, bi zergetan %50 banatzen direnak. BEZaren doikuntzek ere, esan bezala, eragin ezkorra izan zuten.

ZERGAZ ZERGA

PFEZ bere osotasunean hartuta, 49,8 milioi euro igo zen (%3,3), eta lan irabazien atxikipenetan 40,4 milioi gehiago jaso ziren (%2,8). Sozietateen gaineko Zergaren atalean, enpresen irabaziak zergapetzen dituen kuota diferentzial garbia 21,3 milioi eurotan hazi zen: sarrera gordinek 41,5 milioi egin zuten gora, eta itzulketak 20,2 milioi euro gehiago izan ziren.

Bi zergetan, aldiz, eragin negatiboa izan zuten beste bi kontzeptuk, ondare irabazien eta kapital higikorren etekinen atxikipenak: 29,7 eta 15,4 milioi gutxiago batu ziren zerga bakoitzean, hurrenez horren.

Zerga bereziei dagokionez, Hidrokarburoen gaineko Zergak 15,9 milioi gehiago batu zituen (%4,2), eta Tabako Laboreen gaineko Zergaren bilketak %4 egin zuen gora, hau da, 4,5 milioi euro gehiago.

Azkenik, Gipuzkoako Aldundiak kudeatzen duen BEZari dagokionez, zerga bilketa metatua %0,7 hazi zen aurreko urtearekin alderatuta, hau da, 8,5 milioi euro gehiago bildu ziren: 54,5 milioi eurotan igo ziren sarrerak (%3,9), eta itzulketak 24,5 milioitan (%4,1); lurraldeen arteko doikuntzak, aldiz, 21,5 milioi jaitsi ziren (%-5).