Gipuzkoako Ogasunarekin zorretan daudenen aldizkako zerrendak argitaratuko dira

Actualizado: miércoles, 9 marzo 2016 14:28

DONOSTIA, 9 (EUROPA PRESS)

   Gipuzkoako Batzar Nagusiek Foru Ogasunarekin zorretan dauden zergadunen zerrendak aldizka argitaratzeko Zergen Foru Arau Orokorra aldatzea ahalbidetzen duen Foru Arau proiektua onartu dute asteazken honetan.

   Jabier Larrañaga Gipuzkoako Ogasun eta Finantza diputatuak emandako urratsaren "garrantzia" nabarmendu du, iruzur fiskalaren aurkako borrokan "fronte berria" irekitzen duelako. "Orain arte itxita zegoen bidea ireki dugu, eta garrantzitsua orain pausu seguruak eman eta estropezurik egin gabe ibiltzea da", adierazi du.

   Larrañagak Batzar Nagusietako Osoko Bilkuran hartu du hitza Foru Arau proiektu honen inguruan zehaztapenak emateko. EAJ, PSE eta PP erreformaren alde agertu dira, EH Bildu abstenitu egin da eta Podemos/Ahal Duguk aurka bozkatu du.

   Foru diputatuak nabarmendu duenez, erreformak berme juridiko guztiak ditu eta proportzionaltasun irizpideak jarraitzen ditu. "Baina gogoratu behar da ez dela iruzurgileen zerrenda, zordunena baizik", azaldu du Ogasuneko arduradunak, "egoera ekonomikoak bultzatuta itxi diren enpresa eta negozioak ere agertuko baitira".

   Orain arte iruzur fiskalari aurre egiteko estrategiak "zenbait portaera zigortzera bideratu direla" adierazi du Larrañagak eta, bide honekin batera, betebehar fiskalak borondatez betetzearen inguruan pedagogia indartzearen alde egin du.

   Helburua gizartearen gaitzespena lortu eta iruzurraren aldeko jarrera eta jokamoldeei zilegitasuna kentzea da. "Hau ez badugu lortzen ezingo dugu iruzur fiskalaren aurkako borrokan aurrerabidean jarraitu", adierazi du. Zentzu honetan, zordunen zerrenda "prebentziozko erreminta hezitzailea" dela esan du, zerga betebeharren borondatezko betetzearen alde egin dezakeena.

BIGARREN SEIHILEKOAN

   Zerrenda urteko bigarren seihileko naturalean argitaratuko da lehen aldiz, eta erreferentzia data martxoaren 31 izango da, hau da, egun horretan Ogasunari milioi bat euro baino gehiago zor diotenen identifikazioak jasoko ditu zerrendak, borondatezko epean egindako eta atzeratutako, zatikatutako eta bertan behera utzitako ordainketak salbu.

   2017tik aurrera, erreferentzia eguna publikazio akordioaren aurreko urteko abenduaren 31 izango da, eta argazkia urtero berrituko da. Egun horretatik aurrera hasi eta egindako ekintzek ez dute eraginik izango zerrendaren argitalpenean.

   Zerrendan sartzeko proposamena zordunari jakinaraziko zaio, eta honek hamar egun izango ditu alegazioak aurkezteko. Epe honen ostean, informazioa publiko egiteko akordioa emango da. Datuen argitalpena euskarri elektronikoetan egingo da eta hiru hilabetez egongo da ikusgai. Gainera, beharrezko neurriak hartuko dira interneteko bilatzaileak informazio honetara hel ez daitezen.