Gizakiei infekzioak eragiten dizkien bakterio espezie berria aurkitu dute

Jose Mª Marimon, Maria Ercibengoa eta Emilio Lopez Traller
GORKA ESTRADA
Actualizado: viernes, 11 marzo 2016 14:02

DONOSTIA, 11  (EUROPA PRESS)

   Donostia-OSI Donostialdea Unibertsitate Ospitaleko Mikrobiologia Zerbitzuko ikerketa talde batek eta CIBERES Arnas Gaixotasunen Sareko Ikerketa Biomedikoko Zentroko (EHUko Medikuntza Prebentibo eta Osasun Publikoko Emilio Perez-Trallero katedradunak zuzenduta eta Maria Ercibengoa eta Jose Mª Marimon kide dituena) kideek gizakiengan gaixotasuna eragiten duten bakterio espezie berria aurkitu dute. "Nocardia" espezie berria da eta "Nocardia donostiensis" deitu dute, Donostia 2016 Europako Kultur Hiriburuari aipu eginez.

   Nocardiak eragindako infekzioei arreta berezia eskaini die ikerketa taldeak azken urte hauetan eta aurrez animaliengan edo ingurumenean baino aurkitu ez ziren espezie batzuen infekzioak antzeman berri dituzte gizakiengan. Oraingoan, aldez aurretik beste inon deskribatu gabeko espezie baten ('species nova') karakterizazioaz ari dira.

   "Nocardia, aurrez EPOC, neoplasiak eta antzeko gaixotasunak dituzten pertsonei eragiten dieten bakterioen adibidea da. Ez da erraza bakterio hauek identifikatzea eta gizakien patologietan duten eragina ez da duela gutxi arte ondo ezagutu. CIBERES taldeko Maria Ercibengoa ikertzaileak izan zuen espezie berria izan zitekeenaren lehen susmoa", azaldu du Emilio Perez-Trallero irakasleak.

   "Aldez aurretik ere antzemanda genituen ingurumenean baino aurkitzen ez ziren Nocardia espezieren bat gaixoen arnasketa laginetan. Oraingoan ez da hori bakarrik egin, aurrez beste inon karakterizatu gabeko espezie baten deskribapena ere egin da", gaineratu du.

AZTERLAN BIOKIMIKO ZAILAK

   Espezie berritzat jo ahal izateko eta nazioarteko bildumetan karakterizazio egokiarekin onar zezaten, azterlan biokimiko zailak egin behar izan ziren, bai eta sekuentziazio masiboak eta nazioarteko bildumetako litezkeen antzeko espezieekin konparatu ere. Horretarako, Alemaniako Leibniz-Institute eta Atlantako CDC erakundeetako bi ikerketa talde ospetsuren laguntza behar izan zuten ikertzaileek.

   Aurkikuntza ekarpen taxonomiko berriei buruzko aldizkariren batean argitaratzea izan zen beste eskakizun bat. "Prozesu luze eta konplexua izan da, Pedro Idigoras eta Julian Larruskain ikertzaileekin hasi genuena, baina pozik gaude 2016an ezagutarazi delako; ez dugu ahaztu behar Europako Kulturaren Hiriburua dela aurten Donostia, eta hortik dator 'species nova' izendatzeko erabilitako izena", azpimarratu du Perez-Trallero irakasleak.