Gizarte eta enpresa-prokoloko ikastaro bat izango da datorren astean Deustuko Unibertsitateko Donostiako campusean

Actualizado: domingo, 3 abril 2011 15:09

DONOSTIA, 3 Abr. (EUROPA PRESS) -

Deustuko Unibertsitateko Donostiako campuseko Ekonomia eta Enpresa Zientzien Fakultateko ikasleek gizarte eta enpresa-protokoloko ikastaroa antolatu dute apirilaren 5, 6 eta 7rako. Ikastaroa Deustuko Unibertsitatearen Donostiako campusean izango da, arratsaldez, 16:00etatik 20:00etara, eta Joaquim Borras Protokoloko Espainiako Elkargoko kideak emango du.

Ikasle antolatzaileak ESME Junior Enpresako kideak dira eta gaiaren oinarrizko edukiak zabaldu nahi dizkiete interesa duten guztiei. Ikastaroaren helburua da parte-hartzaileei egoki nola portatu jakitearen garrantzia erakustea, bai lantokirako eta bai ekitaldi ofizialetarako ere. Helburuak arrakastaz lortzeko bideak erakutsiko dira, antolatzaileek adierazi dutenez.

Ikastaroa Joaquim Borrasek emango du. 1958an jaio zen Bartzelonan eta Harreman Publikoetako Teknikari ikasketak egin zituen Bartzelonako Industria Eskolako Harreman Publikoetako Goi Eskolan. Harremanetako, Protokoloko eta Marketineko irakasle izan da eta Protokoloaren eta Harreman Publikoen inguruko hainbat mintegi eta biltzarretan hartu du parte.

ESME Junior Enpresa ESTE-Deustuko Unibertsitateko ikasle batzuek sortu zuten 1988-1989 ikasturtean. Ordutik, ESMEk ehunka ikasleren espiritu ekintzailea sustatu du eta prestakuntza praktikoa eskaini die, ezinbesteko eskakizuna baita lan merkatuan sartzeko.

Gaur egun, 50 ikasle inguruk osatzen dute, motibazio eta gaitasun handikoak, enpresaren eguneroko jarduerara hurbildu nahi dutenak. Gainera, Deustuko Unibertsitateko irakasleen laguntza ere badute. ESMEk bezero ugari ditu, besteak beste kontabilitateko eta merkatu ikerkuntzako edo inkestetako egitekoak eskatzen dizkiotenak.

Junior enpresak benetako enpresak dira, baina unibertsitateko ikasleek osatutakoak, irabazi asmorik gabe. Helburu nagusia da ikasleen prestakuntza praktikoa osatzea eta enpresa-mundura eta lanbidera hurbiltzea, ikasketak amaitu baino lehen. ESTE Junior Enpresak 50 kide inguru ditu, baina Europan junior mugimenduak enpresen administrazioko eta zuzendaritzako 40.000 ikasle inguru biltzen ditu.