DBEren gestioan Lanbide berrantolatzea izango da Toñaren erronka

Toña, karguaren zina egiten
Foto: IREKIA
Actualizado: martes, 10 febrero 2015 14:29
av2" class="NormalTextoNoticia" itemprop="articleBody">

GASTEIZ, 10 (EUROPA PRESS)

   Gizarte politiken araudiaren garapenean "aurrera egiten" jarraitzea eta Diru Sarrerak Bermatzeko Errentaren (DBE) kudeaketan Lanbide Enpleguaren Euskal Zerbitzua berrantolatzea eta bere eraginkortasuna hobetzea izango dira Angel Toña Eusko Jaurlaritzako Enplegu eta Gizarte Politiken sailburu berriaren erronka nagusiak.

   Iñigo Urkullu Eusko Jaurlaritzako lehendakaria Toñaren kargu hartze ekitaldiko buru izan da astearte honetan, Ajuria Enea jauregian, Gasteizen.

   Urkulluk sailburu berria izendatzeko Dekretua irakurri du eta honek karguaren zina egin du, Eusko Legebiltzarreko presidentearen eta Mahaiko kideen, Eusko Jaurlaritzako sailburuen eta orain arte sailburu izan zen Juan Maria Aburtoren aurrean. Hain zuzen ere, Aburtoren lekua hartuko du sailburu berriak.

   Kargu hartze ekitaldia Gernikako Estatutuaren aurrean izan da eta Ángel Toñak ondorengo esaldia esan du: "Hartzen dudan agintea, Euskadiren zerbitzuan eta legearen arabera, zintzo eta leialki erabiliko dudala hitz ematen dut".

   Ekitaldian, Jaurlaritzako lehendakariak Juan Maria Aburtori orain arteko lanean izan dituen "sineste osoa eta dedikazioa" eskertu dizkio, eta bi urte "intentsu eta zail" hauetan "eginahalean aritu" izana. Bitarte honetan lortutako hiru hitzarmen gogorarazi ditu Urkulluk: gizarte zerbitzuen zorroa, elkarrizketa sozialaren mahaia eta Hirugarren Sektorearen Lege Proiektuaren onarpena.

   Beste alde batetik, sailburu berriari "hartutako konpromisoa, prestasuna eta borondatea" eskertu dizkio, baita bere esku utzitako ardurari heltzeko "ilusioa, printzipioak eta balio partekatuak" ere. Era berean, bere "prestakuntza eta esperientzia" aintzatetsi ditu.

   Urkullu nabarmendu duenez, "Euskadi inflexio puntu batera iritsi da, non, batera lan eginez hazten, enplegu aukerak sortzen eta gizarte kohesioa bermatzen jarraituko dugun".

TOÑA

   Bestalde, Angel Toñak beragan jarri duen konfiantza eskertu dio Urkulluri. Bere eginkizuna "ardura handiz" hartu duela adierazi du, eta "herritarren beharrei erantzuteko" bere esku dagoen guztia egiteko "konpromisoa" duela, hau da, "egoera zailean dauden milaka euskal familien lan, baliabide eta etxebizitza beharrei erantzuteko" konpromisoa.

   Horrela, sailburu berriaren arabera, honako hauek dira gainditzeke dauden erronkak: gizarte politiken arloko araudiaren garapenean aurrerapausoak ematea; arreta soziosanitarioaren zorroa definitzea; Lanbideren egituraren berrantolaketa burutzea, batetik DBEren kudeaketan eta, bestetik, prestakuntzan eta bitartekaritzan duen eraginkortasuna hobetzeko; Euskal Enplegu Sistema eta Zerbitzuaren Lege Proiektua eta Kooperatiben Lege Proiektua onartzea; eta Etxebizitzako Plan Zuzentzailea ezartzea.

   Ekitaldi nagusia bukatzeko, osaketa berriaren ondoren, Eusko Jaurlaritzako Gobernu Kontseilua Ajuria Enea jauregiko harmailadi nagusira joan da, argazki ofiziala ateratzera. Jarraian, Gobernu Kontseiluak bilera egin du, Lehendakaritzan.

   Angel Toña Guenaga Ondarroan (Bizkai) jaio zen 1952an, ezkonduta dago eta hiru seme-alba ditu. Ekonomia eta Enpresa Zientzietako doktorea da Deustuko Unibertsitatean, eta bertan ari da irakasle 1978tik. Gaur egun, Etika Zibikoa, Profesionala eta Enpresaren Etika irakasten du Ekonomia eta Enpresa Zientzien Fakultatean (Deusto Bussines School); eta Enpresa Etika eta Gizarte Erantzukizuna, Giza Baliabideen Masterrean. 2002 eta 2004 artean, Zientzia Politiko eta Soziologia dekanoa izan zen eta Gizarte Ikerketaren zuzendaria Deustu Fundazioan (2004-2006).

   Alor pribatuko ibilbideaz gain, Eusko Jaurlaritzaren Lan sailburuordea (1991) eta Enplegu zuzendaria (1980) izan zen. Bere ibilbide akademiko eta profesionala oso lotuta egon da lan harremanak aztertu eta kudeatzeari. 1990tik orain arte, Lan Harremanen Kontseiluko bitartekari eta bateratzailea da lan gatazka kolektiboetan; administratzaile judiziala ere bada hainbat konkurtso prozeduretan 2001etik hona.