Gizarteratze Teknikarien EAEko I. Jardunaldiak egingo dira Zornotzan apirilaren 7an

Gizarteratze Teknikarien EAEko I. Jardunaldiak
ORUE ESKOLA
Actualizado: lunes, 27 marzo 2017 14:03

BILBO, 27 (EUROPA PRESS)

Orue Eskolak eta Eraikiz Kolektiboak Gizarteratze Teknikarien Euskal Autonomia Erkidegoko I. Jardunaldiak antolatuko dituzte apirilaren 7an, Zornotzan (Bizkaia), "Komunitate inklusiborantza gehitzen" izenburupean. Gizarteratze teknikariaren perfila eta funtzioak zehazteaz gain, eguneroko praktika nola eraman aurrera aztertuko da jardunaldiotan.

Orue Eskola eta Eraikiz Kolektiboa esku hartze sozialean lan egiten duten irabazi asmorik gabeko erakundeak dira, bata formakuntzan eta bestea esku hartzean lan egiten dutelarik. Halaber, gizarteratze teknikaria bazterketa egoeretan dauden pertsonen garapen pertsonalean eta gizarteratze prozesua errazteko bidelanean sustengu izanez esku hartzen duen profesionala bezala ulertzen dute.

"Gure ustez, esku hartze soziala ikuspegi inklusibo batetik abiatuz eman behar da. Baina, zer da inklusioa? Zelan eramaten da aurrera praktika inklusibo bat?", galdera luzatu dute prentsa ohar batean bi erakunde antolatzaileak.

Gai horietan sakontzeko eta gizarteratze teknikariak zein elkarlanean dabiltzan gainontzeko profesionalek aurrera eramaten duten praktika onen inguruan hausnartzeko EAEko I. Gizarteratze Jardunaldiak antolatu dituzte, "eremu honetan egiten diren lehenengo jardunaldien beharra nabaria" baita.

Hain zuzen, jardunaldiak antolatzearen arrazoi nagusien artean daude esku hartze sozialean eredu barneratzaile baten beharra, eremuan lan egiten duten profesionalen arteko aliantzen beharra, komunitatean eta pertsonetan eragiteko praktika onen ereduak konpartitzeko eta bata bestearengandik ikasteko beharra. Hori guztia dela eta, jardunaldiak "esperientzia eta praktika eredugarriak partekatzeko plataforma" izan nahi dute.

Topaketak apirilaren 7an izango dira, Orue Eskolan, Zornotzan, goizeko 08:45etik arratsaldeko 14:15etara. Jardunaldiak elebidunak izango dira.