Gizon bat atxilotu dute Basaurin (Bizkaia) emazteari tratu txarrak emateagatik

Actualizado: lunes, 21 marzo 2011 15:43

BILBO, 21 Mar. (EUROPA PRESS) -

Ertzaintzaren agenteek 41 urteko gizonezko bat atxilotu zuten atzo gauean Basaurin (Bizkaia) genero indarkeriako delitu bat egotzita. Atxilotuak kolpean eman zizkion buruan bere emazteari, bekokian zauri bat eta lepoan zenbait ebaki eraginez. Azken eraso honen ondoren, biktimak aurretik ere antzeko gertaerak jasan dituela salatu zuen, haurdun zegoenean ere eraso egin ziolarik, Eusko Jaurlaritzako Herrizaingo Sailak jakinarazi duenez.

Jazoera atzo gaueko 21:00ak jota zirela gertatu zen, Basaurin. Ordu horretan, Ertzaintzak dei bat jaso zuen patruila bat bidal zezan udalerri bizkaitarreko etxebizitza batera, gizon baten eta bere emaztearen artean genero indarkeriako gertaera bat izaten ari zelako.

Etxebizitzara heltzean, besoetan haur bat zeukan emakume batek egin zien harrera ertzainei, eta senarrak -etxean zegoen- jo egin zuela jakinarazi zien. Gertatutakoa argitzeko eta datu zehatzagoak izateko, agenteek emaztea eta senarra banandu zituzten etxebizitzaren gela ezberdinetan.

Biktimak zauri bat zeukan bekokian eta bi ebaki lepoaren ezkerraldean, eta senarrarekin izandako hitzezko eztabaida baten ondoren erasoak hasi zirela adierazi zien ertzainei. Senarrak zurezko banjo baten antzeko musika-tresna bat hartu omen zuen eta zenbait kolpe eman omen zizkion, aipaturiko zauriak eraginez. Halaber, emakumeak esan zien antzeko erasoak jasan zituela aurretik, haurdun zegoela ere.

Ikusitako seinale fisiko zein emoziozkoen aurrean, Ertzaintzaren agenteek osasun-langileak hara joatea eskatu zuten, emakumezkoari laguntzaren bat emateko.

Horrela, aurreko guztiaren eta erasoen ustezko egilearekin hitz egin ondoren, ertzainek 41 urteko gizonezkoa atxilotu zuten, genero indarkeriako ustezko delitu bat egotzita.