Gizon bat atxilotu dute Bermeon (Bizkaia) bikotekideari sarritan tratu txar fisiko eta psikikoak emateagatik

Actualizado: jueves, 3 febrero 2011 12:14

BILBO, 3 Feb. (EUROPA PRESS) -

Ertzaintzak 30 urteko gizonezko bat atxilotu zuen atzo gauean Bermeon (Bizkaia) bere bikotekideari sarritan tratu txar fisiko eta psikikoak emateagatik. Gainera, atxilotuak sexu-harremanak izatera behartu zuen biktima bere gogoaren kontra, Eusko Jaurlaritzako Herrizaingo Sailak jakinarazi duenez.

Emakumeak atzo bertan salatu zuen bere bikotekidea Ertzaintzan, duela bi urte harremana hasi zutenetik maiz tratu txar fisikoak eta psikikoak ematen zizkiolako. Gainera, duela sei hilabete elkarrekin bizi direnetik, erasoak eta herio-mehatxuak gero eta ohikoagoak ziren.

Joan den abenduan, zenbait kolpe eman ondoren, erasotzaileak sexu-harremanak izatera behar zuen emakumea bere gogoaren kontra. Sarritan erasoak jasaten zituen arren, emakumeak ez zuen gizona salatu bere izaera bortitzaren beldur zelako, baina atzo izan zuten azken eztabaidaren ondoren, emakumeak etxetik alde egin zuen eta gertaerak ertzain-etxean salatzea erabaki zuen.

Atzo gauean, kasuaz arduratutako Ertzaintzaren agenteak bikotearen etxebizitzara joan ziren eta erasoen ustezko egilea atxilotu zuten, genero indarkeriako delitu bat leporatuta.