Gizon bat atxilotu dute Bilbon, emazteari aizto batekin erasotzeagatik

Actualizado: martes, 3 noviembre 2015 17:56

BILBO, 3 (EUROPA PRESS)

   Ertzaintzaren agenteek 75 urteko gizon bat atxilotu dute goizaldean Bilbon, 67 urteko bere emazteari ustez aizto batekin erasotzeagatik. Biktima ospitalera eraman dute bizkarrean eta eskuetan ebakiak zituelako, eta erasotzaileak ere osasun arreta jaso behar izan du, ustez berak bere buruari egindako zauriak baitzituen eskuetan, Eusko Jaurlaritzako Segurtasun Sailak jakinarazi duenez.

   Astearte honetan, goizaldeko 05:00ak aldera, emakume batek laguntza eskatu du 112 SOS Deiak koordinazio zentrora deituz, senarra aizto batekin erasotzen ari zelako. Minutu batzuk geroago, erasotzaileak berak deitu du 112ra eta erasoa baieztatu du.

   Uribarri auzoan kokaturiko etxebizitzara joan dira Ertzaintzaren zenbait patruila eta anbulantzia bat. Gizonak berak ireki die atea ertzainei, eta emakumea odoleztatuta aurkitu dute gela batean, bizkarrean jasotako aiztokada zantzuekin eta, ustez defendatzean, eskuetan ebakiak zituela. Gizonak ere ebakiak zituen eskuetan, ustez berak eginak. Biak eraman dituzte osasun zentro batera, gizona atxilotuta.