Gizon bat atxilotu dute Bilbon emazteari eta semeei erasotzeagatik

Actualizado: martes, 1 febrero 2011 12:44

BILBO, 1 Feb. (EUROPA PRESS) -

Ertzaintzaren agenteek 38 urteko gizonezko bat atxilotu zuten atzo arratsaldean Bilbon, genero indarkeria eta etxeko indarkeria delitu bana egotzita. emazteari eta semeei etengabe eraso egiten zien atxilotuak, Eusko Jaurlaritzako Herrizaingo Sailak jakinarazi duenez.

Biktimak ez du aurretik inoiz erasotzailea salatu, baina atzo, ertzain-etxera joan zen eta bere senarraren partetik etengabe jasaten dituen erasoen berri eman zien agenteei. Azken jipoia joan den igande arratsaldean izan zen; Bilboko bere etxean zeudela eztabaidan aritu ziren eta ostean senarrak emazteari iletik tira egin zion, armairuaren kontra sakatu eta lurrera bota zuen, guztia seme txikia bertan zegoela. Horren ostean erasotzailea kalera atera zen eta mezu mehatxatzaileak bidali zizkion emazteari sakeleko telefonoaren bidez.

Halaber, duela aste pare bat bere senarrak seme nagusia jo zuela eta itotzen saiatu zela ere esan zien emakumeak agenteei. Lepoan markak utzi zizkion semeari, eta begian isuria eragin zion. Duela zenbait urtetik erasoak jasaten dituela eta erasook gero eta ohikoagoak direla salatu zuen emakumeak.

Gertakarien berri izatean, Ertzaintzaren agenteak ustezko erasotzailearekin harremanetan jarri ziren (leku ezezagunean zegoen) eta atzo arratsaldean atxilotu zuten, ertzain-etxean azaldu baitzen agenteek horrela eskatuta.