Gizon bat atxilotu dute Bilbon, haurdun dagoen bikotekidea jotzeagatik

Actualizado: viernes, 8 mayo 2015 12:57

BILBO, 8 (EUROPA PRESS)

   Ertzaintzaren agenteek gizonezko bat atxilotu zuten ostegunean Bilbon, genero indarkeriako delitu bategatik, haurdun dagoen bikotekidea lurrera bota eta jotzeagatik, Eusko Jaurlaritzako Segurtasun Sailak jakinarazi duenez.

   Ostegun arratsaldeko 16:00ak aldera, emakume batek Ertzaintzaren laguntza eskatu zuen, Arangoitiko (Bilbo) beren etxebizitzan bikotekideak jo egin zuelako. Biktimaren esanetan, bikotekideak ukabilkada bat eman zion ahoan eta, lurrera erori ondoren, bizkarrean jotzen jarraitu zuen. Emakumeak ihes egitea lortu zuenean, ostalaritza establezimendu batean sartu zen eta handik deitu zuen SOS Deiak 112 Larrialdi Zerbitzura.

   Jarraian, Ertzaintzaren patruila bat bertaratu zen eta biktimarekin hitz egin zuen; haurdun zegoela eta, jasotako kolpeen ondorioz, gerrialdean mina zuela esan zien agenteei. Pixka bat geroago, ertzainek ustezko erasotzailea aurkitu zuten inguruan; gizonak erasoa aitortu zuen eta emakumeari herio mehatxuak egin zizkion.

   Ertzainek gizona atxilotu egin zuten genero indarkeriako delitu bategatik eta ertzain etxera eraman zuten. Bien bitartean, biktima ospitale batera eraman zuten, azterketa egin ziezaioten.