Gizon bat atxilotu dute Donostian, etxe batean lapurtzen harrapatu ondoren

Actualizado: viernes, 20 abril 2018 18:23

DONOSTIA, 20 Abr. (EUROPA PRESS) -

Ertzaintzako agenteek 30 urteko gizonezko bat atxilotu zuten ostegunean, Donostian, leiho batetik sartuta familia bakarreko etxebizitza batean harrapatu ondoren, Eusko Jaurlaritzako Segurtasun Sailak jakinarazi duenez.

Ostegun goizaldeko 03.30 aldera, Ertzaintzara deitu zuten Gipuzkoako hiriburuko Martutene auzoko etxe batean alarma aktibatu zela esanez. Patruila bat berehala bertaratu zen eta agenteek egiaztatu zuten atea barrutik trangatuta eta lehenengo solairuko leiho bat hautsita zeudela.

Azkenean balkoi batetik sartu ziren etxean, eta gelaren bat edo beste hankaz gora, beste ate bat ere bortxatuta eta alarma sistema lekutik aterata zegoela egiaztatu zuten. Gainera, geletako batean gizonezko bat aurkitu zuten. Gizonezkoak seguru aski baserrira sartzeko leihoa bortxatzeko erabili zuen bihurkina zeraman. Horren guztiaren aurrean, gizonezkoa atxilotu zuten indarra erabiliz lapurreta egitea leporatuta.

Bestalde, ostegun goizaldeko 02.30 aldera, pertsona baten deia jaso ondoren, herritarrak babesteko lanetan ari zen patruila batek 19 urteko gazte bat aurkitu zuen Donostiako Loiola auzoko okindegi bateko mostradorearen atzean ezkutatuta.

Ertzainek atxilotu egin zuten, establezimenduko erakusleihoa estolda-tapaki batekin hautsi eta lapurreta egiteko asmoz sartu zela egiaztatu ondoren. Aurretik beste 12 bat aldiz atxilotu dute gazte hori. Bi atxilotuak ostegun arratsaldean eraman zituzten epaitegira, beharrezko polizia eginbideak amaitu ostean.