Gizon bat atxilotu dute Leioan (Bizkaia) taberna batean lapurtzeagatik

Actualizado: lunes, 31 enero 2011 15:04

BILBO, 31 Ene. (EUROPA PRESS) -

Ertzaintzaren agenteek 27 urteko gizonezko bat atxilotu dute gaur goizaldean Leioako (Bizkaia) taberna batean lapurreta egitea egotzita. Gainera, ertzain bat zauritu egin da harrapatu dutenean atxilotutako lagunak aurka egin ondoren, Eusko Jaurlaritzako Herrizaingo Sailak jakinarazi duenez.

Leioako taberna batean lapurreta egiten ari zirela jakinarazi diote Ertzaintzari gaur goizaldeko 3:00ak aldera. Zenbait patruila bertaratu dira eta kanpoko pertsiana indarrez irekita zegoela ikusi dute. Jabeari gertatutakoaren berri eman ostean, agenteek taberna miatu dute, 27 urteko gizonezko bat aurkitu dute barruan eta preso hartu dute. Aurkitu dutenean, susmagarria agenteetako baten gainera joan da, borroka egin dute, baina azkenean atxilotu egin dute. Ertzainak zauri arinak jasan ditu.

Pertsiana indarrez irekitzeko erabilitako ahuntz-hanka bat atzeman diote eta makina txanponjalea ere indarrez irekita zegoela ikusi dute. Atzemandako laguna lehenago ere atxilotua izan da, eta epailearen esku utziko dute. Ertzaintzak ikertzen jarraitzen du, izan ere, pertsona gehiago egon daitezke lapurretan nahasita.

Bestalde, Ertzaintzaren agenteek 20 urteko beste gizonezko bat atxilotu zuten atzo gaueko 21:00ak aldera, Bilboko Zorrotza auzoko tren geltokian kalteak eragitea egotzita. Antza denez, billeteak balidatzeko makina eta mugimendu detektagailua sprayarekin pintatu zituen. Ekintzen ustezko egilea geltokiko zaindariek atxikita zuten. Agenteek atxilotu egin zuten kalte-falta bat egotzita, ez baitie bere helbiderik eman.