Gizon bat atxilotu dute Ormaiztegin, galtzadan geldituriko auto barruan bikotekideari erasotzeagatik

Actualizado: martes, 21 octubre 2014 17:03

DONOSTIA, 21 Oct. (EUROPA PRESS) -

Ertzaintzaren agenteek 57 urteko gizonezko bat atxilotu zuten igande gauean Ormaiztegin (Gipuzkoa), genero indarkeriako delitu bat eta bide-segurtasunaren kontrako beste bat egotzita, Eusko Jaurlaritzako Segurtasun Sailak jakinarazi duenez.

Igande iluntzeko 20:30ean, Olaberrian, Frantziako matrikula zuen auto bat N-1 errepidetik GI-632 errepidera sartzeko erreian gelditu zen. Zirkulazioa une batez gelditu zen, eta lekuko batek ikusi zuen kopilotuak gidatzen zihoan emakumeari ukabilkada bat eman ziola. Erasoa eta biktimak aurpegian zituen zauriak ikustean, lekukoak emakumea lagundu zuen, eta 112 larrialdietarako telefono zenbakira hots egin zuen.

Emakumeak ibilgailutik kanpo laguntza jasotzen zuen bitartean, ustezko erasotzaileak autoa hartu eta bakarrik alde egin zuen Ormaiztegirantz. Oriako Ertzaintzako patruila batek eta Trafiko Unitatekoak jakinaren gainean jarri zituzten, eta tokira joan ziren biktima artatzera eta erasotzailea harrapatzera.

Handik gutxira, polizia auto batek gizonaren autoa aurkitu zuen; Ormaiztegitik GI-632 errepidera sartzeko puntuan zegoen geldituta. Agenteek ikusi zuten gizona alkoholaren eraginpean zegoela, eta atxilotu egin zuten arrazoi hori tarteko, bai eta bikotekideari eraso egiteagatik ere. Emakumea, bada, anbulantziaz eraman zuten osasun-zentro batera. Gizona, nazionalitate frantsesekoa, Tolosako Epaitegiaren esku jarri zuten astelehenean.