Gizon bat espetxeratu dute internet bidez adingabeak galbideratzea egotzita

Actualizado: martes, 18 enero 2011 17:59

BILBO, 18 Ene. (EUROPA PRESS) -

Gizonezko bati kartzela zigor prebentiboa ezarri diote internet bidez adingabeak galbideratzeko delitu bat egitea egotzita. Adingabeen Tuenti eta Messenger kontuez jabetzen zen eta iruzur eta mehatxu bidez webcam-aren aurrean biluzik azaltzera derrigortzen zituen; ondoren, irudiok bere ekipo informatikoan gordetzen zituen. Atxilotuari zigor prebentiboa ezartzea erabaki du epaileak, bere ordenagailuan aurkitutako materiala aztertu eta biktimen lekukotasunak entzun ostean. Atxilotua 21 urteko gizon bizkaitar bat da.

Eusko Jaurlaritzako Herrizaingo Sailaren arabera, Gernikako ertzain-etxeak eta Informazio Teknologietako Delituen Atal Nagusiak burutu dute ikerketa. 2009ko uztailean abiatu zuten ikerketa, neska adingabe batek ertzain-etxean salaketa bat jarri zuenean. Tuenti sare sozialaren bidez ezagututako gizonezko batek mehatxu egin omen zion, ordenagailuko webcam-aren bidez biluzik ateratzera behartu nahian. Mehatxuak sinesgarriak iruditu zitzaionez, gizonezkoak eskatutakoa egin zuen adingabeak, beldurrak jota.

Halere, eskatutakoa betetzeak mehatxuak gogortzeko besterik ez zuen balio izan eta, beraz, familiari gertatutakoa kontatu eta salaketa jarri zuen neskak.

Gai honi lotuta, 2009an eta 2010ean zehar hainbat autonomia erkidegotan 44 salaketa jarri dituztela jakin du Ertzaintzak. Aipatutako kasuan bezalako mehatxuak eta gogorkeria kasuak, eta Tuenti edo Messenger bidez posta kontuen identitate ebasketak izan dira 44 haur edo neska gazteek salatutakoak.

Ikerketa nahiko nekeza izan da, hein handi batean internet bidezko euskarri teknikoak erabili behar izan baitituzte. Hala ere, Bizkaiko herri batean bizi den 21 urteko gizonezko bat identifikatu zuten ekintza hauen ustezko egilea izateagatik.

Susmagarriaren atxiloketa 2010eko irailaren 24an izan zen, ikerketa bukatutzat eman zutenean. Bere etxea miatzean, ordenagailuan adingabe eta emakume helduen material pornografiko ugari aurkitu zuten, antza aurretiaz salatutako metodoak erabiliz lortutakoak.

Azkenik, Agintaritza Judizialak akusatua behin-behinean espetxeratzea erabaki du, bere ordenagailuan aurkitutako materiala aztertu eta biktimen testigantzak entzun ostean internet bidez adingabeak galbideratzeko delitu bat egin izana egotzita. Albistea ezagutzera eman ondoren kasu horrekin lotura duten biktima gehiago agertuko balira, Ertzaintzak eta Agintaritza Judizialak gertakariak salatzeko eskatu diete hiritarrei.