Gizon bat inputatu dute hamar adingaberi sexu erasoak eta jazarpena egiteagatik

Actualizado: viernes, 24 octubre 2014 14:39

BILBO, 24 Oct. (EUROPA PRESS) -

Ertzaintzak gizon bat atxilotu zuen joan den abuztuan Bilbon, adingabe baten aurkako sexu abusuak, exhibizionismoa eta sexu probokazioa egotzita. Gizona atxilotu eta espetxean sartu ostean irekita jarraitu zuen ikerketak, balizko beste biktima batzuk zeudela egiaztatu baitzen. Guztira, beste bederatzi adingaberi egin zien sexu-jazarpena, Eusko Jaurlaritzako Segurtasun Sailak jakinarazi duenez.

Joan den uztailaren 23an aita bat bertaratu zen Bilboko ertzain etxera, beste gizon batek alabari eragindako sexu abusuak salatzeko. Adingabeak sare sozialen bitartez ezagutu zuen erasotzailea eta bitan elkartu zen harekin. Topaketa horietan gertatu ziren abusuak.

Ikerketa bat hasi zuen orduan Ertzaintzak, eta, hari esker, erasotzailea identifikatu zuen: 33 urteko bilbotar bat. Erasotzaileak bazituen aurrekariak delitu mota beragatik: alde batetik, beste adingabe bat eraso zuen 2005ean bere abusuei uko egiteagatik, eta, bestetik, duela gutxi beste ikerketa batean identifikatu zuten adingabeen aurreko exhibizionismoagatik.

Susmagarriak izaera sexualeko argazkiak trukatu zituen adingabearekin. Antza, haren aurrean "gidari sexualaren" rola betetzen zuen. Gizona Bilbon atxilotu zuten, abuztuaren 12an, epailearen esku jarri zuten eta, ondoren, espetxean sartu zuten.

Atxiloketaren ostean, Ertzaintzak atxilotuaren ordenagailuak eta gailu mugikorrak aztertu zituen, eta eduki sexualeko material ugari -haur pornografia barne- eta beste adingabe batzuekin eginiko trukeen probak aurkitu zituen. Guztira, 11 eta 16 urte arteko bederatzi biktima gehiago identifikatu zituzten ikertzaileek; zazpi bizkaitarrak ziren, bat Zaragozakoa, eta beste bat Kantabriakoa. Adingabeekin izandako elkarrizketetan, erasotzaileak aurrez aurre egoteko eskaintzak egin zizkien neskei, sexu harremanak izateko.

Ertzaintza biktimen familiekin harremanetan jarri ostean, salaketak jarri zituzten erasotzailearen aurka, exhibizionismo, sexu abusu eta probokazio delituak egotzita. Ikerketak irekita jarraitzen du eta ez da baztertu biktima gehiago egoteko aukera.

Ertzaintzak sare sozialak oker erabiltzeak ekar ditzakeen arriskuez ohartarazi du. Adingabeak dira kontu handien izan behar dutenak, eta gurasoei eta tutoreei gomendatu diete beren ardurapekoen segurtasuna zaintzeko beharrezko neurriak har ditzatela.