Gobernuak 1.134.313 euro erabiliko ditu gernikako astra eraikinean sormen lantegi bat jartzeko

Actualizado: martes, 19 julio 2011 20:40

BILBO, 19 Jul. (EUROPA PRESS) -

Gobernu Kontseiluak Gernika-Lumoko Udalari 1.134,313 euroko ez-ohiko diru-laguntza ematea erabaki du "lehengo armen fabrikaren eraikinean Sormen Lantegi bat birgaitu eta eraikitzeko".

Gernika-Lumoko Udalak ASTRA-UNCETA Y CIA antzinako armen lantegia birgaitu nahi du eta Sormen Lantegi moduan egokitu nahi du. Horrela bada, beste zerbitzu eta jarduera batzuk sortu eta erakarri nahi ditu eta, gerora begira, aldaketa urbanistiko, sozial eta ekonomiko hori sorkuntzako eta ezagutzako eremua edo arloa eratzera zuzendu nahi du.

Udalak Astra eraikinean Arte eta Kultura Sormen Lantegi bat burutzeko aurkeztu duen aurreproiektuaren arabera, oraindik hantxe dagoen lehengo eraikina birgaitu beharko da (Ricardo Bastidaren proiektu bat da); arkitekto horrek diseinatutako inguratzaile osoa berreskuratu beharko lukete, barneko altzariak egokitu eta Sormen Lantegia abian jarri. Bigarren solairuan ez lukete ezer egingo.

Halaber, komunikazioen aldamio eraikin berri bat sortzea aurreikusten du, Ricardo Bastidaren eraikina babesteko eta arautegiek ezarritako egoera berriei erantzuteko.

Aurreproiektutik ondorioztatzen denaren arabera eta helburuak betetzeko, Sormen Lantegiak, funtzio eta erabilera anitzeko eraikin baten funtzionamenduak berezkoak dituen erabilerak izango ditu, ahalik eta kultura material eta tailer kopuru handiena hartzeko.

Sormen Lantegiek gure kultura sortzaileen ehuna sendotu nahi dute; horretarako, sortzaileek zenbait eremu eta azpiegitura behar dituzte lan egiteko eta haien arteko topaketarako. Hori dela-eta, industria pabilioiak berriz erabiltzeak (neurrizko inbertsioekin) eta sortzaileek eurek kudeatutako eremuak sortzeak, interes estrategiko handia du euskal gizarte osoarentzat.

Sormen Lantegia bi fasetan eraikitzea aurreikusten da: Lehengoak lau hilabeteko epea du (2011ko azken lauhilekoa) eta burutzeko aurrekontua 1.134.313 eurokoa da; bigarren faserako, aldiz, hiru hilabeteko epea aurreikusten da (2012ko lehen hiruhilekoa) eta aurrekontua 365.633 eurokoa da.