'Goenkale'-ren azken atala emango dute astelehenean

ETB
Actualizado: jueves, 24 diciembre 2015 12:23

BILBO, 24 (EUROPA PRESS)

   'Goenkale' telesailaren azken atala eskainiko du ETB1ek datorren astelehenean, abenduaren 28an, gaueko 22:00etan. Modu honetan, 21 urte emisioan egon ostean, amaierara iritsi da 'Goenkale' telesaila, ETBk jakinarazi duenez.

   3.707 atal eta 1.854 emisio ordu eman ditu urte hauetan guztietan eta milaka istorio eta pertsonaia ezagutu dituzte ikus-entzuleek, hasi Jose Mari Lasa eta Maria Luisa Galardi bikotetik, eta gaur egungo Arantxa Etxegarai eta Jagoba Ugarterengana iritsi arte.

   Azken atalean, Bogaren etorkizuna zein izango den jakingo da. Arralden giroa gori gori dago hasiera-hasieratik, telesaileko pertsonaien topaleku eta hamaika bizipenen lekuko izan den taberna mitikoaren eraikina segurtasun kontuengatik botatzera doazelako, eta bertako jabe eta langileak (Leo, Alizia eta Axun) taberna salbatzeko edozertarako prest daude.

   Gainera, azken denboraldi honetan ezagutu den Etxegarai familian zer gertatuko den ere jakiteko dago: Jagobak dibortzioa eskuratuko ote duen, Hodeik eta Taniak maitasun harremana eduki ahal izango duten. Alizia eta Kandidorekin, Itxaso eta Ibonekin edota Lupe eta Sabinekin ere zer gertatuko den jakingo da datorren astelehenean.

   Euskal Telebistak eta Pausokak ekoitzitako telesailak nazioarteko produkzio batzuen mailan kokatzea lortu du. Horrela, Estatu mailan, 21 urte bizirik irautea lortu duen telesail bakarra da.

   "1994ko urriaren 3an bideari ekin zionean, inork gutxik uste izango zuen halako ibilbidea osatuko zuenik. Eguneroko fikziozko telesaila egiteko erronka aise gainditu dute, ezbairik gabe, urte hauetan guztietan Miramongo platoetatik pasa diren aktore, gidoilari, hizkuntza teknikari, ekoizle, dekoratzaile, kameralari, argiztatzaile, errejidore eta bestelako langileek", adierazi dute arduradunek.

   "Fikzioa sortzeko faktoria erraldoi honek ekarpen izugarria" egin die Euskal Telebistari, euskal ikus-entzunezko esparruari eta euskarari berari. "Eta esperientzia eta jakinduria hori guztia baliagarria izango da hemendik aurrera gauzatuko diren proiektuetarako. Euskal aktore harrobi emankorra izan da 'Goenkale' telesaila. Urte hauetan guztietan, 700dik gora aktorek hartu du parte bertan", gaineratu dute.