Goiaren ustez "giro aparta" egon da orain arte Aste Nagusian, baina ezin da "guardia jaitsi" eraso sexisten gaiarekin

Eneko Goia
Europa Press
Actualizado: jueves, 16 agosto 2018 18:03

DONOSTIA, 16 Ago. (EUROPA PRESS) -

Donostiako alkate Eneko Goiak Aste Nagusiko jaien orain arteko balorazioa egin du prentsaurrean. "Erdialdea gainditu dugu, bost egun daramatzagu jaietan; oro har, normaltasunez igarotzen ari dira jaiak". Programatuta dauden jarduerak jendearen "erantzun aparta" izaten ari dira, Goiaren esanetan, batez ere programatutako jardueretan. "Pozten gara egindako eskaintzak jendearen erantzuna izan duelako. Bereziki auzoetan egiten den esfortzu horrek harrera ona izan duela". Hala, jaietan izaten ari den "giro aparta" azpimarratu du Donostiako alkateak.

Bestalde, iragan asteburuan izan ziren bi gertakizunak aipatu ditu, hain zuzen, sexu askatasunarekin zerikusia dutenak. "Gaurdaino ez dugu gehiagoren berririk, baina horrek ez du esan nahi guardia jaitsi behar dugunik. Adi egoten jarraitu beharra daukagu". Hirugarren sexu eraso bat ere argitzen ari direla azaldu du Goiak. "Lapurreta baten aitzakian gertatu den egoera nahasi bat". Dagoen salaketa lapurretagatik dela adierazi du alkateak, baina "gaitzespena berdin-berdin" merezi duela.

Aipatutako gertakaria gauerdian gertatu da, Donostiako taberna batean. Goiaren arabera, emakume bati ukituak egin zizkioten, ondoren sakelako telefonoa lapurtzeko asmoz. Alkatearen esanetan, jende asko egoten diren lekuetan gertatzen dira lapurretak, eta karteraz gain, mugikorrak izaten dira lapurren helburu nagusia.

Bestetik, honako hau adierazi du Goiak: "Aipatu nahiko nuke gertakari triste bat, Urnietako mutil batek sufritu duena". Izan ere, eraso bat izan zen iragan astelehen goizaldean (hilak 13) Perujoantxo kalean, eta horren ondorioz mutilak koma egoeran jarraitzen du, ospitalean. Elkartasun mezua bidali nahi izan dio Goiak familia osoari. "Ea azkar errekuperatzen den".

HARRERA ETA TURISMOA

Hiritarren Harrera Sarearen kontzentrazioari buruz galdetuta, alkateak esan du hiru erakundeak (Donostiako Udala, Gipuzkoako Foru Aldundia eta Eusko Jaurlaritza) etengabeko koordinazioan daudela, migratzaileen egoerari aurre egiteko. Donostia hirian badago baliabide bat igarotzen ari diren migratzaileentzat prestatua, eta horren erabilera datuek erakusten dute, alkatearen esanetan, neurri egokia duela. "Ez dira gainditzen prestatuta dauden 25 plaza horiek. Hortik behera dabil nabarmen, erditik behera". Goiaren ustez, horren esan nahi du gaur egun dagoen erantzuna "tamainakoa" da.

Turismoari dagokionez, "zaila da" datuak ematea, alkatearen iritziz. "Gauak neurtzen dira, baina ez da erabat fidagarria". Izan ere, gaua hirian igarotzen ez duten bisitari ugari dagoela uste du alkateak. Azkenik, Goiak azaldu du Dbus autobus zerbitzuen erabiltzaileak %2 igo direla iazko datuekin alderatuta. Hain zuzen, jaietako lehen bost egunetan, 5.000 bidaia gehiago izan dira, haren esanetan.