Gorbeialdeko Kuadrillako Euskaltzaleen I. Topaketa abenduaren 2an izango da, Urkabustaizen

Publicado: domingo, 19 noviembre 2017 10:55

GASTEIZ, 19 Nov. (EUROPA PRESS) -

Gorbeialdeko Kuadrillako Euskaltzaleek I. Topaketa egingo dute abenduaren 2an, Urkabustaizko Kultur Etxean, 10:30ean, eta "Zerk mugitzen gaitu euskaltzaleok, antolatzen, proposatzen eta martxan jartzen dugun guztia egitera?" moduko galderak erantzuten saiatuko dira.

Topaketaren helburua da Gorbeialdean euskalgintzan lanean ari diren taldeek udalerriz udalerri antolatzen dituzten jarduerarik nabarmenen bilduma egitea. "Horrek, gure Kuadrillan euskararen erabilera handitzeko egiten dugunaren argazki bat emango digu, eta esperientziak trukatzeko ere balioko du", antolatzaileek adierazi dutenez.

Aramaioko Txirritola Euskara Elkarteak, Legutioko euskaltzale mugimenduak, Zigoitiko Euskaraz lantaldeak, Zuiako Baietz42! ekimenak, Arratzua-Ubarrundiako gazte asanbladak eta Urkabustaizko Lan eta Jolas elkarteak parte hartuko dute.

Gainera, antolatzaileek jakinarazi dutenez, 2018aren amaieran Euskal Herri osoan egingo den euskaldunen aktibazio erronkaren berri emango dute Euskaltzaleen Topaguneko ordezkariek, eta bukatzeko, Izarrako frontoiko jatetxean kantu-bazkaria egingo dute.

Parte hartzeko interesa duten pertsona guztiei irekitako jardunaldia izango da. Bakarrik bazkarirako izena eman beharra dago, azaroaren 29a baino lehen mezu bat bidaliz euskara@gorbeialdea.eus helbidera.