Gordailua Gipuzkoako Ondare Kultural Higigarriaren Zentroa inauguratu da, 16 milioi euroko inbertsioa egin ondoren

Actualizado: lunes, 20 junio 2011 14:58

DONOSTIA, 20 Jun. (EUROPA PRESS) -

Markel Olano Gipuzkoako jarduneko diputatu nagusiak inauguratu du gaur goizean Gordailua Gipuzkoako Ondare Kultural Higigarriaren Zentroa, Irunen. Guztira, eraikinerako eta ekipamenduetarako, 16 milioi euroko inbertsioa egin da.

Olanorekin batera, inaugurazio ekitaldian hartu dute parte Maria Jesus Aranburu jarduneko Kultura eta Euskara foru diputatuak, Jose Antonio Santano Irungo alkateak eta kulturaren munduko hainbat ordezkarik ere.

Gordailua "proiektu estrategikoa" da Gipuzkoako Foru Aldundiarentzat eta bere helburua da, orain arteko politikak gainditzen dituen ikuspegi berritzaile batetik, Gipuzkoako ondare higigarriaren arloa ordenatu eta artikulatzea. Zentroak 8.450 metro karratu erabilgarri ditu (9.116 dira eraikitakoak), ondare higigarria berreskuratzeko, zaharberritzeko, bildu eta zabaltzeko. Kanpoaldetik ikusita, Jose Leon Lasarte eta Pedro Astigarraga arkitektoen lana eraikuntzari originaltasuna eta izaera berezia ematen dion altzairuzko kaiola da.

Zentroak Gipuzkoako Foru Aldundiaren piezen bilduma garrantzitsua gordeko du (funts eta bilduma historikoak, zein Arte Ederretakoak eta etnografikoak), bai eta Donostiako Udalarenak (San Telmo Museoko funtsak) eta, lankidetza-hitzarmenak sinatuz, titularrek (adibidez, Kutxa) uzten dituzten bildumak ere. Guztira, material arkeologikoa kontuan hartu gabe, era eta tamaina guztietako 55.000 pieza baino gehiago kokatuko dira Gordailuan.

Irungo Arretxegainan dagoen zentroan, gordailu handia izateaz gain, zerbitzu globalak ere eskainiko dira, elkarte ezberdin eta erakunde publiko eta pribatuekiko lankidetza arintasun, koordinazio eta eraginkortasunez bultzatu eta sustatu dezan. Zentroaren diseinu eta eredu operatiboa garatzeko beharra aurreikusten da Gipuzkoako Museo Planak jasotzen duen moduan, Sistemaren Baliabide Zentro gisa garatzeko.

Zentzu horretan, Gordailua baliabide zentro bat izatean oinarrituko du bere jarduera, biltegi, behatoki,ikerketa gune, eta zerbitzuak eskainiko dituena bai fisikoki zein birtualki Gipuzkoako museo, interpretazio zentroei eta ondore guneei eta hauen bidez gizarteari orokorrean.

Zentroak bi lan esparru nagusi izango dituela. Bildumen arloan, Gordailuan gordetako Gipuzkoako Foru Aldundiaren jabetzako edo zaintzapeko bildumak gorde, kontserbatu, zaharberritu eta dokumentatzeaz arduratuko da. Gainera, bildumak handitzeko programak garatuko dira.

Sareko Koordinazioaren arloaren helburu nagusia da lurraldean eratzen diren sareei laguntzea eta, oro har, foru erakundeak lurraldean garatu nahi duen orientatzaile- eta izendapen-eginkizuna bideratzea. Beraz, Gipuzkoako Museoak antolatzeko Planean jasotako ildoak martxan jartzea da asmoa, hots, museoen kudeaketari buruzko aholkularitza; ondare-sektoreko profesionalei prestakuntza ematea; arloko azterlanak landu eta sistematikoki hedatzea; sare birtualak zein sare fisikoak koordinatzea eta dinamizatzea.

ERAIKINA

Gordailua, antolakuntza, energia aurkezteko neurriei dagokienean eta estetikoki ere, puntako eraikina da. 9.116 metro koadroko azalera eraikia du hiru solairutan banatuta. Erdi sotoan, biltegiaz gain, zaharberritze tailerrak kokatuko dira. Departamentuaren zaharberritze tailer orokorra eta arkeologia zaharberritze tailerra.

Beheko solairua bereziki irekia izatea aurreikusi da, bisitari ikasle, profesional nahiz bisitariak, oro har. Solairu horretan, erabilera anitzeko aretoa, areto didaktikoa, dokumentazio aretoa eta ikertzaileentzako aretoa izango dira. Erabilera anitzeko aretoak zentroan gordetzen diren materialekin aldi baterako erakusketak antolatzeko aukera emango du. Goiko solairuan, beste bildumaz gain, Gipuzkoako gordailu arkeologiko eta Paleontologikoa kokatuko da.

Gordailuak energia aurreztearen ikuspegitik ere erreferente izan nahi du, eta estalkian eguzki-baratze fotoboltaikoa izango du eta baita klimatizazio geotermikoko sistema ere. Lurreko energia aprobetxatzen duen geotrukaketako klimatizazio sistema berritzaile hori instalatuta eraikinaren lurrazpiko energia hartu ahal izango da. Horrela, era garbian, beharrezko energiaren %80 lortuko da eta urtean 42.000 euro inguru aurreztuko dira energia fakturan.

Trukaketa geotermikoa lur azpian pilatutako energia hartu eta eraikin, etxebizitza eta barrutiak klimatizatzeko energia erabilgarri bihurtzen duen sistema da. Lurrak tenperatura ia berdin mantentzen du urtaro desberdinak izan arren. Geotrukaketako teknologien bitartez lurraren kaloria naturalak ateratzen dira eta, ondoren, berokuntza sisteman sartu. Horrela, bero naturala lortzen da, hau da, energia berriztagarria.

Gordailuan izango diren bildumen azterketa eta antolakuntza Albayalde enpresak egin du, eta zentroaren gestio-plana berriz, Xabide enpresak. Eraikuntza lana Amenabar enpresaren ardura izan da eta biltegiratze altzariak egitearena berriz, Eun enpresarena. Labolanek egin ditu zaharberritze tailerrak.