Gorostitzako kiroldegia erromesentzako aterpe izateko egokitu du Barakaldoko Udalak

Actualizado: viernes, 13 enero 2017 13:25

BILBO, 13 (EUROPA PRESS)

Barakaldoko Udalak erromesentzako hiriko lehenengo aterpetxea egokitu du Gorostitzako kiroldegian eta 14 lagunentzako tokia gaitu du. Bizkaiko Done Jakue Bidearen Lagunak elkarteak kudeatuko du lokala, urte luzetan hirirako ekipamendu hori eskatzen izan ondoren.

Zubileta auzoan hasten da Done Jakue Bidea Barakaldon, Deabruaren zubian, hain zuzen ere. Zubia igaro eta Urgozo auzoan barrena joanez, 1,2 kilometrora dagoen Agate Deunaren baselizarantz abiatzen da, eta handik, Gurutzeta, Errekatxo-Gorostitza, Retuerto eta San Bizentera.

"Historikoen ustez Done Jakue ibilbideak eduki beharreko guztiak -zubia, galtzada erromatarra eta eliza- dauzkan herri bakanetakoa da Barakaldo, eta Kastrexana parean batzen dira, gainera, hiru elementuok", Amaia del Campo Barakaldoko alkateak azaldu duenez.

"Guretik igarotzen den ibilbideak benetan merezi du, eta horregatik nahi dugu erromesak Barakaldora etortzea. Aterpeak erakarriko dituelakoan gaude", gaineratu du.

Modu honetan, Barakaldoko Udalak 65 metro koadroko leku bat prestatu du Gorostitzako kiroldegian. Sarrera propioa, hiru logela, areto komuna, bi komun, ataria, sukaldea eta aterpeko zaindariarentzako aretoa ditu, eta 4.975,76 euroko inbertsioa egin da.

"Aspalditik daude Done Jakue Bidearen Lagunak elkarteko kideak ekipamendu eske, eta orain oso pozik daude egitasmoa Barakaldon gauzatzen hasia dela ikusita", azaldu du.

Horrez gain, ekimen honen bidez, hirian turismoa bultzatzen ahalegintzen direla ziurtatu du, "Done Jakue Bidean doazenak honantz ostatatzera erakarriz, ekonomia jarduerari eragiten baitiogu".

EZKERRALDEKO BIGARRENA

Portugaletekoaren ondoren, Ezkerraldeko bigarren aterpetxea izango da Barakaldokoa, eta hiria ez eze, "eskualde osoa indartzeko" izango dela nabarmendu du Del Campok. Barakaldoko Udalak egin ditu dagoeneko lokala egokitzeko egin beharrekoak, eta orain erromesak hartzeko behar den material guztiaz (sukaldea, ohatzeak eta abar) hornitu behar da. Udaberri aldera abiarazteko itxaropena dute, "orduan hasten baitira erromesak ingurura biltzen".

Lokalak gehienez 14 lagun har ditzake. Hiriko gune naturalik ederrenetakoaz -Gorostitza eta Errekatxoko birika berdeaz- gozatu ahal izango dute erromesek. "Oso gune garrantzitsua da Barakaldo iparreko bidean, eta horregatik eskatu genuen aterpea", Agustin del Toro Bizkaiko Done Jakue Bidearen Lagunen elkarteko buruak esan duenez.

Iaz, elkartearen datuen arabera, 1.200 lagun inguruk igaro zuten gaua Bilboko aterpean, eta "urterik urtera haziz doa kopurua". "Orain, erromesak gure hirira etor daitezen lortzean datza erronka", adierazi du Del Campok.