Graduondoko bekei buruzko hitzarmena berritu dute EHUk eta Dominikar Errepublikak

Carmelo Garitaonandia, Lygia Amado de Melo eta Nekane Balluerka.
EHU
Actualizado: viernes, 15 enero 2016 14:35

BILBO, 15 (EUROPA PRESS)

   Dominikar Errepublikako Gobernuko Goi Hezkuntza, Zientzia eta Teknologia ministro Ligia Amada Melo de Cardona doktoreak eta Euskal Herriko Unibertsitateko (EHU) Graduondoko Ikasketen eta Nazioarteko Harremanen arloko errektoreorde Nekane Balluerkak bi erakundeek graduondoko bekei buruz indarrean duten hitzarmena berritu dute ostiral honetan. Hitzarmenarekin diruz laguntzen dira EHUko master edo doktorego ikasketak egin nahi dituzten ikasle dominikarrak.

   EHUk jakinarazi duenez, 2015/16 eta 2016/17 ikasturteetan indarrean izango den hitzarmenaren bidez, euskal unibertsitateak bertakoei ezarritako salneurri bera ezarriko dizkie matrikulan ikasle dominikarrei ere, eta ostatua aurkitzeko laguntza eskainiko die hona heltzen direnean. Bere aldetik, Dominikar Errepublikako Gobernuak bere gain hartuko du matrikularen ordainketa eta diruz lagunduko ditu bekadunak mantenua, ostatua eta osasun aseguruari dagokionean.

   Nekane Balluerkak adierazi duenez, "gure unibertsitateak Dominikar Errepublikarekin duen harreman akademiko ona orain dela 15 urte ingurutik dator; izan ere, urtero, 30 ikasle inguru matrikulatzen dira gure master eta doktorego programetan".

   1999an, EHUk lehen harremanak izan zituen dominikar erakundeekin Latinoamerikako Master eta Doktoregoen Sarearen bitartez. Ondorioz, 2010ean, harremana areagotu egin zen Goi Hezkuntza, Zientzia eta Teknologia Ministerioarekin sinatutako lehen hitzarmenarekin. Orain, hitzarmen horri jarraipena eman zaio.

   Euskal Herrian egin duen egonaldian, Dominikar Errepublikako Goi Hezkuntza, Zientzia eta Teknologia ministroak EHUko Bizkaiko eta Gipuzkoako campusa bisitatu ditu eta beka hau jaso duten hainbat ikasle dominikarrekin hitz egiteko aukera izan du.